GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Hizkuntza politika berria» obratzeko garaia dela dio Euskal Konfederazioak

A.M. | GARA

Burutu berri duen biltzar nagusian, Euskal Konfederazioak joan den urteko jardunaren balantzea egin du. Bertan, bi ekimen garrantzitsu nabarmendu ditu. Batetik, martxoaren 31n Baionan Deiadar mobilizazioan bildutako jendetza, eta, bestetik, Garapen Kontseiluko lantaldeak hizkuntza politikaren aro berri bati begira euskarari buruz aho batez finkatutako helburuak.

«Urte luzetako borrokari esker gizarte zibilak eta politikoak ofizialtasunaren aldarriarekin bat egin» dutela esanda, Euskal Konfederazioak bi gako azpimarratu ditu helburu hori erdiesteko bidean: Eurokartaren berrespena eta lurralde elkargoa.

Gobernu aldaketaren ondoren Estatu frantsesak Eurokarta onartzea agindu ostean, beharrezkoa den Konstituzioaren aldaketa probestu eta «39. artikulutik haragoko neurri eraginkorrak» hartzea eskatu du Euskal Konfederazioak. Azken urteotan aurkeztu diren lege proposamenak osatu eta behingoz bozkatuak izateko tenorea ere badela deritzo.

Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargoaren aukera mahai gainean den honetan, hizkuntzaren eskumenari hautetsiek emandako lehentasuna ere azpimarratu du Euskal Konfederazioak. Alta, erakunde hori «noiz helduko zain egon gabe», mugitzen hasi behar dela gaineratu du.

Bitarteko eskasak

Euskalgintzako eragileek pairatzen duten egoera «onartezina» da Euskal Konfederazioarentzat. Izan ere, euskararen aldarria «inoiz baino indartsuagoa» den honetan botere publikoengandik euskalgintzak jasotzen dituen diru laguntza urriak ikusita, euskara «arnasarik gabe» utzi nahi dutela uste du.

Berreuskalduntzearen zama konfederazioa osatzen duten elkarteen gain jarri delarik, ardura horri erantzuteko bitarteko aski ez ematea ere deitoratu du Euskal Konfederazioak. «Krisiaren aitzakian immobilismoa» ez duela onartuko esanez, Parisi dei egin dio lege aldaketak bultzatzeko eta «hizkuntza politika berri eta indartsua» obratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo