Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa
Kontrastez beteriko finala
Egitura sendoko Hernanik bere bosgarren txapela nahi du finalean lehen aldiz den Berrobi txikiaren aurka.
Jon ORMAZABAL
Inolako ezbairik gabe, kontrastez beteriko finala izango da igande honetan Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko den Gipuzkoako Herriarteko Txapelketakoa. Alde batetik, egitura sendoa duen Hernani izango da, azken hamalau txapelketetan hamar final jokatu eta lau irabazi dituena -senior mailan bi aurrelari bikainen artean aukeratu beharra ere izango dute hernaniarrek-. Bestetik, pilota eskolarik izan ere ez duen Berrobi arituko da. Pentsa, jokatzeko taldea osatzea bera ere garaipen bat da finalean lehen aldiz izango den Berrobirentzat.
Pilotak gero bataren eta bestearen aukerak asko berdinduko dituen arren, igandeko finala arras desberdina da bata eta bestearentzat. Hernaniarrentzat finalean izatea «behar edo ohitura» moduko bat da jada. «Bolada ona daramagu, laugarren finala da jarraian, baina halakoetara ez zara sekula ohitzen», azaldu dio GARAri Rufino Rekalde Hernaniko ordezkariak. Horrelako emaitzak lortzea, ordea, ez da patuaren halabeharrez gertatzen den zerbait, urteetan egindako lan onaren fruitua baizik. «Pilota eskolan betidanik ibili gara jende askorekin; momentu honetan ere 50 ume inguru ditugu benjamin eta alebin mailetan. Jendea sekula ez zaigu falta izan; ikastolarekin ondo egin dugu lan, erantzun egiten dute eta oso pozik gabiltza», gaineratu du.
Erabat desberdina da Berrobiren kasua. Pentsa, 550 biztanle inguruko herria izanik, pilota eskolarik ere ez du Tolosaldeko herri txikiak -pilotari batzuk Bidegoiango Aurrera Saiaz taldean aritzen dira eta bertako arduradun Arkaitz Urkiarentzat, txapelketan jokatze hutsa bada nahikoa garaipen, nahiz eta, behin hona iritsita, txapela eskuratzeko euren aukeretan sinetsi-.
«Oso gustura gaude, urtero taldea osatzerik ere ez dugu izaten. Hiru kadete ditugu eta bat gazteetara pasa behar izan dugu jokatu ahal izateko; talde nahiko polita tokatu zaigu eta pixkanaka finalera heldu gara. Ez dakit berriz ere halako aukerarik izango dugun; azken 20 urteotan Berrobi bost aldiz-edo irtengo zen txapelketara eta orain finalera sartzea ikaragarria da!», onartu du Urkiak.
Seniorretako adibidea
Pronostikoak betetzen badira, txapela nagusien mailako partidak erabakiko du -kadeteetan Berrobi da faborito eta jubeniletan Hernani-, eta, ziurrenik, kategoria horretan ikusten da ondoen bi taldeen arteko desberdintasuna. Izan ere, egungo txapeldunek maila bikaineko bi aurrelariren artean aukeratu beharko duten bitartean -atzo Ojuelek Errenterian jokatu behar zuen eta eskuz nola amaitzen duen ikusita erabakiko dute berak edo Arrietak jokatuko duen Gorrotxategirekin-, Berrobin azkenaldian pilota utzita zuen Irazustak berriz federatu behar izan du taldea osatu ahal izateko. «Argi dago aukera asko izatea askoz hobea dela pilotaririk gabe egotea baino. Hala ere, ez pentsa aukeratzea erraza denik. Norbait finaletik kanpo uztea ez da erraza», esan digu Rekaldek.
Pronostiko bat egiteko galdetuta, bi ordezkariak bat datoz Berrobikoak kadeteetan faborito garbiak direla eta beste bi mailetan Hernanik abantaila duela esaterakoan. «Kadeteetan irabaztea espero dugu, gazteetan estutzea bai behintzat, eta, afizionatuetan, Altunak azkenaldian emandako maila ikusita eta duen esperientziarekin, irabazi egin dezakegu», esan du Urkiak.
Kadeteetan, oraindik infantila den Iker Loiarte eta Hodei Noble arituko dira Hernanin eta Xabier Zubiria eta Aitor Erraskin Berrobin. Gazteetan, Iñigo Urkizu eta Aritz Murgiondo izango dira txapeldunen ordezkariak; Berrobikoak, berriz, Aimar Alberdi -kadetea da baina gazteekin jokatu behar izan du taldea osatzeko- eta sakeak ateratzen dituen Jon Elustondo. Nagusienetan, azkenik, Ojuel edo Arrieta eta Gorrotxategi ariko dira hernaniarren aldetik, eta, Berrobira garaipena eramaten saiatuko direnak, Irazusta eta Frontisen profesional izandako eta maila bikainean ari den Altuna izango dira.