GARA > Idatzia > Kultura

UDAN ERE IKASTEN

Haurrentzako kantu tradizional eta berriak jokoen bidez ezagutzeko ikastaroa

Baionako IUT unibertsitateko pasilloetan interes ezberdinak dituzten pertsonak elkartu ditu berriz ere UEUk. Udako Euskal Unibertsitatea, 40. urteurrena ospatzen ari den edizioan, ohiturari jarraiki, gizartean presente diren gaiak jorratzen ari da ikastaroetan.

p050_f01_199x84.jpg

Idoia ERASO

Musika entzuten zen gela batzuetan, hitzak besteetan eta erlaxazioaren isiltasuna azken atean. Garrasiak, barreak eta musika entzuten ziren atearen beste aldean Garbiñe Gil zegoen sei ikaslerekin. Guztiak gelaren erdian zeuden, zutik, haurrentzako kantu baten inguruko jokoak egiten.

“Kontu txikiak eta euskaraz mintza eta jolas tailerra” du izena bi irakasle eta lau irakaslegai erakarri dituen ikastaroak. Ikasteko gogotsu heldu ziren, baina hori baino gehiago eginarazi zien Gilek: kirola, barrea eta jolasa. “Zezenak dira”, “Sorgina pirulina”, “Sagu txiki”, “Han zeuden” eta gisako kantuei loturiko dantza edo jokoak ezagutu eta probatu zituzten Aintzanek, Jonek, Naroak, Aiarak...

Izenak ikasteko joko bat ere proposatu zuen irakasleak, “Ala kinkirrinera”: denek borobilean jarri behar dute, elkarri eskutik helduta, eta izenak kantuaren parte bilakatzen dira. Klasikoei begiratuta, “Zezenak dira” kantua harrapaketan jolasteko proposatu zuen irakasleak. “Sorgina pirulina” ere harrapaketaren beste bertsio gisa aurkeztu zuen.

Borobilean jarrita, erdian kokatzen den haurrak kantuak esaten duena antzeztu behar du eta bitartean, borobilean direnek «ezetz harrapatu» esatean, erdikoak harrapatu egin behar ditu.

Garbiñe Gil erdian jarrita, bere ikasleen atzetik hasi zen klasean, baina tokiak ekartzen dituen mugak kontuan harturik honakoa erran zien: «Gero kalera joango gara, han askoz hobeto pasako dugu». Eta hala izan zen; beranduago unibertsitatean zebiltzan pertsonek ikasleen barre, korrikaldi eta oihuei harriduraz begiratzen zieten.

“Sagu txiki” kantuak ere borobilean norbaiti atzean utzitako zapataren atzetik ibiltzeko korrikaldia eskatzen du, Zapi katuak ez harrapatzeko. Aulkien jokoaren eredu berri bat ere erakutsi zien Gilek.

«Jolas hauen helburua kooperatiboa izatea da, denak jolastea eta inor ez baztertzea. Haur hezkuntzan eta lehen mailan oso garrantzitsua da». Horretarako, jolasa uztaiekin egin zuen, joko tradizionalean bezala aldiro bat kenduz, baina ez zen inor kanpoan gelditzen, denak uztaietan sartzen baitziren, jostaketa elkarlanean sorraraziz.

Sortzen Ikasbatuaz

Kantu ezagunekin batera beste berri batzuk ere deskubritu zituzten. Sortzen Ikasbatuaz-ekin lankidetzan antolatutako ikastaroa zen haurrek euskara jokoetan eta klasetik kanpo lantzeko prestatutako ikastaroa. «Euskaraz Mintzo proiektuarekin haurrek esamoldeak, kantak, jokoak eta irainak erabiltzean ere euskaraz egitea nahi dugu. Euskarak ez du ikasgelakoa bakarrik izan behar, haserrealdietan ere euskaraz egiteko aukera behar dute, bestela gaztelerara edo frantsesera joko dute», baieztatu zuen Garbiñe Gilek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo