Udate
Sacamantecasen historia kontatu du Aitor Aranak, haren alabaren ikuspegitik
Maider IANTZI | DONOSTIA
Aitor Aranak Txalapartarekin kaleratu duen «Sacamantecas nuen aita» liburu historikoa da, beltza eta odolez betea, Euskal Herriko hiltzailerik ezagunenaren ibilera lazgarriak jasotzen baititu, Juan Diaz de Garaiorenak. Arabako Egilatz herrian jaiotako gizon honek sei emakume bortxatu eta erail zituen Gasteiz inguruan 1870 eta 1879 artean, haietako batzuk era ikaragarrian mutilatuta. Horregatik, haurrak izutzeko erabili izan den izengoitiarekin igaro da historiara: Sacamantecas.
Serial killer honen historiari ikuspegi orokor bat emateko eta ertz gehienak jorratzeko, haren alabaren pertsonaiaz baliatu da idazle legazpiarra. Hala, egunkari txataletako informazioari ukitu humanoa gaineratu dio, narratzailearen umezaroko oroitzapen gozoak Diaz de Garaiok emakumeei egin zizkien izugarrikeriekin nahasiz.
Hamazazpi urterekin idazten hasi eta ordutik ia 200 liburu sortu eta itzuli dituen egileak Donostiako Kaxilda liburu denda berrian egin zuen aurkezpena, eta bertan agertu zuenez, lan hau idazten ari zela ulertu zuen zergatik erran izan zaien prostitutei Bideetako Mari. «XIX. mendean, karlistadak zirela-eta, alargun asko zegoen eta batzuek bidera atera behar izaten zuten gorputza eskaintzera. Diaz de Garaio haiengana joaten zen, baina emakumeek uko egiten zioten ez zuelako ezer eskaintzen. Sacamantecas asko haserretzen zen eta hil egiten zituen».
Sacamantecasek hankasartze ugari egiten zuen, ez zuten harrapatzen, ordea. Guardia Zibila orduan sortu zen eta hau izan zuen lehenengoetako kasua. Gero eta okerrago egiten zituen hilketak, giltzurdinak ateratzen eta halako sarraskietan ere hasi zen. Gero eta ausartago zebilen, eta horrek kalterik ekartzen ez zionez, jarraitu egiten zuen, azkenean harrapatu zuten arte.