Eskalada Kateatze adierazgarriak
Ramon Julianek, bost egunen buruan, bi 9a+ eta 9a+/b bat egin ditu
Ekainaren 26an, «Catxasa» bidea (9a+, Santa Linya) kateatu zuen. Hiru egun geroago, marraren bigarren katera iritsi zen; 9a+/b zailtasuna proposatu du. Hilaren 1ean, «Nit de Bruixes» (9a+, Margalef) sinatu zuen.
Andoni ARABAOLAZA
Ramon Julian Ramonet ondo baino hobeto ezagutzen dutenek diote lehiaren mundua erabat baztertuko balu eta zailtasunean buru belarri jarriko balitz, egundokoak egingo lituzkeela. Balizko egoera bat denez, ezin jakin nora irits litekeen, baina argi dagoena zera da: gaitasuna izan, badu.
Horren erakusle, eskalatzaile katalanak oso kateatze adierazgarriak egin ditu azken bolada honetan. Espainiako Eskalada Txapelketa zein Kopa irabazi ondoren, harkaitzean jo eta su jardun du. Ekainaren 26an, adibidez, Santa Linyako koban «Catxasa» bidea (9a+) kateatu zuen. Dani Andradak sortutako bide horrentzat hamar saio behar izan ditu, eta, Chris Sharmaren ondoren, Ramonet izan da marra hori igo duen bigarrena.
Eskalatzaileak adierazi duenez, kateatze egunean sargori handia egiten zuen: «Autotik irten eta bero ikaragarria egiten zuen. Termometroak 39 graduko tenperatura adierazten zuen. Hala ere, motibazio handia nuenez, saiatzea erabaki nuen. Berotzen ari nintzela, argi zegoen ukimen oso txarra zuela bideak. Lehen saio bat egin nuen, batez ere pausuak gogoratu ahal izateko; pausu gogorrenaren amaieran erori nintzen. Pausu hori ez zitzaidan gogorra egin, eta horrek motibatu egin ninduen. Atsedena hartu ondoren, berriro saiatu nintzen. Pausu gogorra nahiko erraz atera zitzaidan, eta, arazorik gabe, bidea amaitu nuen».
Bigarren katera
«Catxasa» marrarekin 9a+ graduko bere seigarren bidea egin ondoren, katalana, hiru egunera, Santa Linyara itzuli zen. Berez, eskalatzeko asmo handirik ez zuen. Aipatutako bide horretan argazki batzuk atera eta kito. Baina hasierako asmoak erabat aldatu ziren: «Argazkiak ateratzeko saio horietako batean ohartu nintzen lehen katera oso erraz eta nekatu gabe iritsi nintzela. Bigarren kate batera heltzeko aukera dagoenez, aurrera egitea erabaki nuen. Ordubeteko saioa egin ondoren, soka bigarren kate horretatik pasatzea erdietsi nuen».
Beste era batera esanda, Ramonetek Santa Linyako koba alde batetik bestera zeharkatzea lortu zuen. Hori egiten, gainera, lehen eskalatzailea izan da. Bi kate horiek lotu ondoren, katalanak adierazi du inoiz egin duen bide gogorrena izan dela. Izan ere, eginiko jarduerarentzat 9a+/b zailtasuna proposatu du.
Era horretara amaitu zen ekaina katalanarentzat. Baina, aldiz, uztailaren 1ean, Ramonet handiaren hirugarren kateatze gogorra iritsi zen. Kasu honetan Margalefera joan zen. Tarragonako eskalada eskola horretan oso erronka gogorra zein erakargarria zuen: «Nit de Bruixes». Marra hori Jordi Pouk ekipatu zuen, eta Iker Pou izan zen bidea kateatu zuen lehena; iazko urtarrilean, hain zuzen ere. «Eguraldi lainotsua eta freskoa iragartzen zuten. Lehenbiziko saioetan bidearen erdian dagoen dinamiko batekin arazoak izan nituen; bi hatzetako helduleku batekin. Beste saio bat egin eta katera heldu nintzen», dio katalanak.
Ramon Julianek bost egunen buruan bi 9a+ eta 9a+/b bat sinatuditu Santa Linya eta Margalefen.
«Bero ikaragarria egiten zuen. Termometroak 39 graduko tenperatura adierazten zuen. Hala ere, motibazio handia nuenez, saiatzea erabaki nuen»