GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Dolomitak

«Zauberlehrling» bidea, era askean eta egun bakarrean

Roger Schaeli Cima Scotoniko bide mitikoan protagonista izan da. 23 luze eta 750 metro dituen marra izugarri tentea da, arroka txarra du eta oso arriskutsua da. Luze gogorrena 7c zailtasunekoa da.
p036_f01_250x124.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Roger Schaelik askotan erakutsi du Dolomitetako pareta ezberdinetan ondo moldatzen dela. Goi mailako jarduerak egin ditu ingurumari hartan, eta azkena, pasa den ekainaren 21ean eginikoa, ez da ez lan makala. Alpinista suitzarrak honakoa adierazi dio GARAri: «Gian Sebregondi gaztearekin (22 urte) `Zauberlehrling' bide historikoa era askean eta egun bakarrean igo dut».

Alpinista suitzarrak eskalatu berri duen marra Cima Scotoniko (2.874 m) hego-mendebaldeko paretan dago. Schaeliren kide Christoph Hainz izan zen bide horrek dituen 23 luzeei eta 750 metroei lehen puntu gorria jarri ziena. 1990. urtean izan zen, eta Hainzek bi egun (46 ordu) behar izan zituen eskalada hori egiteko. Orain, 22 urte igaro ostean, Schaeli izan da era askean igo duen hirugarrena.

Marra gogorra, tentea, arriskutsua eta aseguratzeko oso zaila. Luze gogorrena 7c zailtasunekoa da. Hainzek ez zuen paraboltik jarri, eta, derrigorrez, 7b zailtasuna eskalatu behar da. Bidearen izaera ulertu ahal izateko, Pietro del Praren (bigarren igoera egin zuen, baina dena librean ez) hitzak irakurri behar dira: «Inoiz egin dudan igoera gogorrena izan zen, nire ibilbideko eskalada gogorrena; bi eguneko jarduna eskatu zidan. Eta, gainera, ezin izan nuen dena librean igo».

Egun bakarrean

Schaelik egun luzea behar izan zuen bide psikologiko hori eskalatzeko: «Iaz Christopherekin aztertu nuen, eta bidearen erdian oso tarte arriskutsua dagoela ikusi nuen. Batez ere, arrokaren kalitatea txarra delako eta teknikoki oso gogorra delako».

Hain zuzen ere, tarte hori bidearen giltza da. Manuel eta Simon Gietl anaiak hor «erori» ziren 2006an. Eta Florian eta Martin anaietatik, soilik bigarrenak gainditu zuen era askean; Martinek bigarren igoera askea sinatu zuen.

Sebregondi eta Schaeli goizeko lauretarako paretaren sarreran ziren. Alpinista suitzarrak baieztatu digunez, hasi baino lehen duda batzuk izan zituzten: «Eguraldi oso gaiztoa genuen. Beste era batera esanda, ekaitz arriskua handia zen. Alabaina, hastea erabaki genuen. Hasiera aldeko luze gogorrenak gainditzen hasi nintzen, baina Sella aldean euria zela ohartu nintzen. Sokaburu jarraitzea erabaki nuen, eskaladaren erritmoa bizia izatea ezinbestekoa baitzen. Bidearen erdi aldera iritsi nintzen. Oso gogorra eta arriskutsua da, baina nahiko ondo eskalatu nuen. Ekaitzaren mamua berriro buruan nuen; oso estresagarria izan zen. Erronka bukatzeko sei luze falta ziren, eta euria ari zuen. Alderdi guztietatik begiratuta, aitortu behar dut oso gogorra izan zela. Oinak zein hatzak zeharo hoztuta nituen, baina, oso motibatuta nengoenez, bidea amaitu nuen».

egun bakarrean

Christophe Hainz eta Martin Rieglerrek lehen igoera libreak egin zituzten, baina, horiek ez bezala, Roger Schaelik egun bakarrean eskalatu du bidea

gogorra

Bide psikologikoa eta teknikoki oso zaila izateaz gain, Schaelik ekaitzaren presiopean eskalatu behar izan zuen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo