Goi mailako nesken surf txapelketa Biarritzen
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Bihar hasi eta larunbata bitartean munduko neska onenak izango dira lehian Biarritzen. Goi mailako zirkuitua (WCT) osatzen duten zazpi probetatik seigarrena izango da Cote des Basques hondartzan uztailaren 14a bitartean egingo dena.
Nesken WCT zirkuituan hemezortzi lehiakidek hartzen dute parte. Australiarrak dira nagusi -zazpi lehiakide australiar daude guztira-, eta, gainontzean, beste herrialdeetako ordezkari kopurua nahiko parekatua ageri ohi da. Goi mailako lehiakideen artean Pauline Ado hendaiarra ere badago; etxean arituko dela-eta, bera izango da faboritoetako bat Biarritzen.
Iazko txapelketa berezia izan zen. Batetik, bi modalitatetako goi mailako txapelketak egin zituztelako; taula handia (longboard) eta taula txikia alegia.
Bestalde, taula motzeko modalitatean, finala oso esanguratsua izan zen. Stephanie Gilmorek irabazi zuen txapelketa, baina Carissa Moorek, bigarren postua lortzearekin batera, eta urtean zehar lortutako puntuei esker, 2011ko nesken munduko titulua eskuratzea lortu zuen.
Gilmore lau bider izan da munduko txapelduna, 2007, 2008, 2009 eta 2010 urteetan. Iaz, itzuliko txapelketa bakarra irabazi zuen, Biarritzekoa hain zuzen ere, eta aurten rankingean buru da. Bere atzetik Sally Fitzgibons dago, australiarra hau ere, eta, hirugarren postuan, Carissa Moore hawaiiarra, iazko Biarritzeko irabazlea. Pauline Ado hendaiarra, berriz, 14. postuan da egun; beraz, proba honetan emaitza on bat lortzea oso lagungarri izan dakioke.
Nesken munduko itzulia uda honetan bertan amaituko da, uztailaren 30a eta abuztuaren 5a bitartean AEBetan, Huntigton Beacheko hondartzan, egingo duten txapelketan hain zuzen ere.
Aurten Gilmorek itzuliko bi txapelketa irabazi ditu. Sally Fitzgibbonsek ere beste bi txapelketa irabazi ditu. Baina aurtengo lehiakide faboritoa, orain artean ezezaguna zena eta emaitza bikainak lortzen ari dena, Courtney Conlogue estatubatuarra da. Laugarren proba berak irabazi zuen; adi, beraz.