Lohitzune Txarola Gurrutxaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria
Zarautzeko osoko bilkura solemne eta ibiltaria
Bilera ibiltariak udalerri bakoitzari ematen zion garrantzia, protagonismoa eta presentzia, baina era berean hauen arteko berdintasuna ere goraipatzen zuen
Gipuzkoarrak, XIV. mendetik batu egiten gara, guztioi eragiten diguten arazoak aztertu, eztabaidatu eta irtenbidea aurkitzeko. Hasieran ermandadetan, eta gero lurralde osora zabaldu zen elkarte edo aliantzan. Bilkura horiek sedentarioak ziren, esan nahi baita, herrien zerrenda bat jarraikiz antolatzen zituztela bilerak, orain hemen, hurrengoa han.
Garaiko herritarrek zuzenean aukeratzen zuten ordezkari bat, gehienek begi onez ikusten zutena; zintzoa, leiala eta alderdikeria handirik gabekoa. Noski Batzar Nagusietako bilkurara joateko dirurik bazuen, askoz hobe. Bestela, denon artean, askotan hainbat herriren artean jasotzen zen diru poltsarekin ekiten zion herriko ordezkariak bidaiari.
Hori zen batzarkidearen betebeharra: zintzotasunez eta ikuspegi zabal batekin herritarren kezka nagusiak Batzar Nagusietan aurrean azaltzea, eta bueltan bertan erabakitakoa herritarrei adieraztea.
Guk, politikagintzan ari garenok, eguneroko lanean hori presente izan behar dugu, izan ere, zuzen-zuzenean batzarkide eta zinegotzi bakoitza 11 herritarren begiak, belarriak, ahoa eta batez ere gizalegea gara. Eta ez dezagun ahaztu bada, guk ordezkatzen ditugula herriaren eta herritarren nahiak. Horrek herri bezala pentsatzera eta ekitera behartzen gaitu, ez indibiduo edo alderdi bezala soilik. Izan ere, herritarren beraien nahimen politikoaren pertsonifikazioa gara.
Bilera ibiltariak udalerri bakoitzari ematen zion garrantzia, protagonismoa eta presentzia, baina era berean hauen arteko berdintasuna ere goraipatzen zuen. Herri guztiak dute balore bera, denek garrantzi berdina dute, eta beraien ahotsa ere. Hiri handiak ez dira txikiak baino gehiago, eta zergatik? Arrazoi bakarragatik. Herritar bakoitzak duelako bere ahots propioa, eta 300 biztanle izan edo 30.000, denek dute bere herriaren, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren interesen inguruan zer esan. Berdintasunaren adibide garbia.
Bilerako gaia oso aproposa da bilkura ibiltarian aztertzeko: udal zergen esparruko foru arauari moldaketak egitea udalek, hala nahi izanez gero, zerga bidez aberastasun ekonomikoa herriaren onurarako finantza iturri bihur dezaten, eta beraien eskuduntzapean kudeatu ditzaten herriaren eta herritarren ongizaterako.
Izan ere, udalak dira edozein lurraldeko instituziorik garrantzitsuenak: herritarren taupada sentitzen dutenak, herritarrengandik gertuen daudenak eta herritarrek gehien ulertzen eta erabiltzen dituztenak.
Gipuzkoa 88 udalerriz osatua dago. Udalbatza bakoitzak ondo daki zeintzuk diren herritarren beharrak eta herriaren arazoak. Herritarrek azaltzen dizkietelako zuzenean. Eta arazo horiek kudeatzeko zenbat eta askatasun gehiago izan, hainbat hobe. Batzuetan baina, arazo berdinak suertatzen dira herri ezberdinetan, eta indarrak metatzea zinez onuragarriagoa gertatzen da bakarka borroka egitea baino. Hori da Batzar Nagusien oinarri eta erroa. Gipuzkoako herri eta hiriak, modu horretan Gipuzkoako lurralde osoa, eta hein batean Euskal Herria ere aurrera aterako dituzten politika horiek bultzatzeko, baina, erakunde ezberdinak hartu behar dira kontuan. Eta alderdikeriak albo batera utziz, herri ikuspegia jarri eta instituzio bezala lan egin behar da; herri bezala, hain zuzen.
Familia eta lagunartetik hasita Nazio Batuen Erakundea bezalako instituzio gorenetaraino, badago argi eta garbi eduki behar dugun zerbait: erabakiak kontsentsuz eta denon onarpenez hartzen direnean, benetako balioa duten erabakiak direla, denok alde berean lerrokatzen gaituztenak. Horretarako ezberdi- nen arteko eztabaida beharrezkoa da. Euskaldunok ondo islatzen gaituen esaera batek badio ba, «Zenbat buru, hainbat aburu». Hori beharrezkoa izan ez ezik, aberasgarria ere bada. Zaila izan daiteke bateratzea, baina horrek aberasgarriagoa, sendoagoa eta osatuagoa egingo du erabakia.
Gure jarrerak gizartearen isla izan behar du, eta aldi berean adibide. Erakundeetan alderdi politikoak bata bestea zangotrabatzen ibiliz gero kooperatu ordez, mezu hori helarazten diegu herritarrei. Modelo horrek ez gaitu inora eramaten. Bakoitzak bere bideari ekinez gero, bidaia ez da luzerako izango. Ekarpenak eta zuzenketak egiten badizkiogu bide berari bai ordea.
Proposamen baliagarriek gipuzkoar eta euskal herritar guztiengan izango duten eragina baloratu behar dugu, ez nork egin duen, nondik atera den edota nor sarituko duten begiratu. Eta ardura eta erantzukizuna dira hori lortzeko osagarriak. Ardura eta erantzukizun politikoa; guri eskatzen zaiguna, eta guk herriari zor dioguna.