Josebe Egia
Gu pozik, eurak urduri
Zurrumurruak zurrumurru, azkenean Laura Mintegi izango da euskal ezkertiarron lehendakarigaia. Eragin handia izan du hedabideetan, hemengoetan, jakina, baina baita geure mugetatik harago ere.
Nondik jo, nondik eman, hori izan da kazetari espainiar zenbaiten, ohikoen, ataka. Emakume honen prestakuntzari eta ibilbideari begira gutxi dute zalantzan jartzeko, ezin dute esan ideia eta ekimenik gabeko txorimalo bat hautatu dutela gero beste batzuek agindutako papera joka dezan, itzalpeko agintariek, «betiko ezker abertzale muturrekoenaren» gidariek. Ideia eta ekimenik eza, eta txorimalorik, ez dute aipatu, ondorengoa, ordea, bai. Auzo-lotsa ematen du Euskal Herria alda ez dadin egiten duten ahalegina. Geure muga barrukoenak ere bai, horren ohituta boterea edukitzera, benetan aurkari izan daitezkeenak ezabatzera, lehia zikinean jokatzera; orain hainbeste famatutako demokraziaren beldur dira.
Esanak esan, emakume bat dugu Lehendakaritza borrokatzeko prest, herrialde honetako biztanleriaren zati handi-handi baten ordezkapena zintzotasunez egikaritzeko gogoz, «konpromiso eta ilusioz». Dena beharko du, bai, berak eta bere lantaldeak, aurreko gobernuaren herentziatik abiatuta aurrera egiteko. Eta Laura Mintegik, bereziki, gainean izango duen lupa zorrotz-zorrotza izango da, etengabea, gupidagabea, erabakiak ez ezik, bere estiloa, manerak, barrutik eta kanpotik ere jarriko baitira zalantzan. Beste inork baino gehiago asmatzeko eskatuko zaio, beste inori baino gardentasun handiagoa exijituko zaio; dena beharko du, bai, une honetan hauteskundeetatik zer aterako dardarka dauden horien guztien erasoak saihestuta, benetan axola dionari erreparatu eta horretan lan egokia egin ahal izateko. Zalapartaren erdian, herritarroi entzun ahal izateko.
Denetarik entzun dut Bilduren aukerari buruz. Esaterako, lehendakari rola jokatzeko modukoa ez dela; edo bazegoela egokiagorik (guztiak gizonezkoak). Nire aldetik, behintzat, pozik nago kargu hori betetzeko emakume bat proposatu izanarekin; itxaropentsu nago -beste milaka herritar bezala- hesi ugari gainditzen ari garelako, politikoak eta generozkoak, naturaltasunez egiten ari garelako, jendea zatitu eta aldendu barik, batzeko eta bide berriak, egitura desberdinak, bestelako aukerak bilatzeko eta benetan ezartzeko barrutik hasten ari garelako. Emakume bat izatea Lehendakaritzan, nobedadeaz harago, itxaropentsua da alde batetik baino gehiagotik. Agian politika bestela ulertu eta egikarituko duelako; agian politikari ikuspegi zabalago eta bidezkoago bat ekarriko diolako; beharbada, harrapari jokatu barik, irabazi asmoa dirutan ez eta pertsonen ongizateari begira baloratuko duelako.
Ikusteko dago. Eta oraindik Lehendakaritzaraino bide luzea dago aurretik, baina politikan jardungo dutenek behingoz gauzak errotik aldatu ahal izango dituzten esperantza badugu, hori nahi eta espero dugulako, euskal herritar askok, eta Laurak, besteak beste, berdintasunari betiko bultzada ematea ere bai, emakume askok eta askok. Esanak esan, itxaropena eta ilusioa ezin dizkigute zapuztu. Handiegiak dira.