GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Eredu zaharkituak aldatzeko oinarria

Atzo goizean Euskal Herria Bilduk bere gobernu taldea aurkeztu baino lehen, ezagunak ziren jada balizko gobernu horren zenbait sailen izenak. Izen deigarriak. Atzo horien zergatia azaldu zuten Laura Mintegi lehendakarigaiak eta hamaika sailburugaiek, izenok ezkerreko koalizio subiranistak proposatzen duen aldaketarako filosofiaren adierazle baitira. EH Bilduren gobernu taldeak eskarmentua eta gaztetasuna biltzen ditu; bertan emakumeak ez dira zoko betegarri hutsa, ez kopuruari ez ardurei dagokienez; euskaldunak dira denak eta denak ere prestakuntza eta gaitasun tekniko nabarmenaren jabe dira.

Aldaketa garaia bizi du munduak eta, nola ez, Euskal Herriak. Eta Euskal Herriko aldaketan eragin berezia izan duen sektore politikoak, ezkerreko subiranistenak, gobernatzeko prest egotea nahikoa ez dela iritzita, Euskal Herriko aldaketa norabide onean bultzatzeko taldea osatu du. EH Bilduk oraindik ez du gobernu programarik aurkeztu, baizik eta programa horrek izango dituen helburu nagusiak: gizarte justizia eta burujabetza lortzeko ekimenak bultzatzea. Hala ere, ezarritako oinarrien gainean benetako aldaketa baterako tarte txikia dagoela kontuan izanik, aldez aurretik argi azaldu du herri honen etorkizuna zer bidetatik joatea proposatzen duen. Bide hori, noski, ez da orain artekoa; beraz, hari lotzeko beste balio batzuk izan behar dira gidari, eta gobernatzeko, politika egiteko, beste modu bati heldu beharra dago. «Inertzia eta eredu zaharkituak aldatu» beharra dago.

Zalantzarik gabe, balizko gobernu horren sail askoren izenak deigarriak dira: Elikadura Burujabetza, Herritarren Askatasunak, Aukera Berdintasunerako Lehendakariordetza... Zehaztasun gehiagoren zain izanik, nazio ikuspegiaren eta gizarte sentsibilitatearen adierazle dira. Hala ere, oraingoz, izenak baino ez dira. Asmo onak baino ez dira, eta erronka handia du aurrean EH Bilduk Ajuria Enerako bidean. Eta gobernua lortuko balu, erronka ez litzateke txikiagoa izango. Esan bezala, oraingoz izenak baino ez dira, baina izana izateko aukera merezi dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo