GARA > Idatzia > Kultura

udate | iruñeko sanferminak

Nafarra naizela aizu, eta orain arte konturatu gabe

Ane ARRUTI

Legearen arabera adinez nagusi egin nintzen urtean ezagutu nituen lehen aldiz sanferminak. Zergatik ez lehenago? Horixe galdetzen diot nik ere nire buruari, geroztik ez baitut hutsik egin. Urtero-urtero egin dut sartu irteraren bat jai «sin igual» hauetan. Hasieran, kostako «giputxi» jator eta zintzo moduan, galtza bakeroekin, harro. Geroxeago galtza zuri eta guzti. Gehienetan, lan kontuek derrigortuta, egun okerrenetan aterrizatu izan dut Iruñean, asteburuan alegia. Bertako gehienak etxean gelditzeko aprobetxatzen duten egun horietan. Zer egingo zaio bada! «Baina ez al da jende gehiegi egoten? Niri aglomerazioak...», probatzera ausartu ez diren burugabeen aitzakiak. Egia da hasieran ardi galduak bezala ibiltzen ginela, australiarren pare. Baina ibiliaren ibiliaz parrandak hobetuz joan gara, nora jo, noiz, hau betea dago eta goazen beste honetara, hauek «gutarrak» dira, putakume hauek 14 euro kobratu zizkidaten iaz katxi bategatik...

«Nafarroa ez da Euskal Herria, Euskal Herria Nafarroa da» abesten zuten bertan ezagutu nituen Leihotikan taldeak eta sanferminak izan dira ziur aski, hemezortzi urtetan lozorroan izan dudan nafartar sentimendua esnatu eta saltoka jarri dutenak. Ingurukoek zorotzat hartzen naute uztailaren 5ean lo hartu ezinik egoten naizela aitortzean edo lanera joan aurretik entzierroa ikusteko iratzargailua jartzen dudala esatean. Neguan lehen elur malutak hasterako ETBko Iñaki Erreak bere egiten duen Pagozelai zerbitzugunea pasatzerako nabaritzen dut aldaketa nire aldartean. Dena da «hermosico», hitz egin beharrean kantari ari naizela dirudi, betiko urdaiazpiko eta tozineta beharrean magra eta xingarra eskatzen ditut gosaltzeko eta astakirtenkeriak baino ez zaizkit bururatzen -beno, hori gure herriko malekoian egonda ere pasatzen zait-. Ezin dut saihestu, zoriontsu naiz Iruñean, Nafarroan, nire herrian. Gora Nafarroa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo