Milaka lagun «busti dira» esklerosi anizkoitzaren sentsibilizazio kanpainan
Milaka lagun busti ziren atzo esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta gaitza duten pertsonen errehabilitazio zerbitzuak finantzatzen laguntzeko dirua biltzeko. «Busti zaitez» deia egin zuten elkarteek eta aurpegi ezagunek eta herritarrek erantzun zuten.
GARA | DONOSTIA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 82 hondartza eta igerilekutan milaka lagun busti ziren atzo esklerosi anizkoitzaren inguruko «Busti zaitez» sentsibilizazio kanpainaren 15. edizioan. Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak antolatzen du hitzordua honako helbururekin: gaixotasunaren inguruko informazioa ematea, gaitza duten pertsonei eskaintzen zaien errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko dirua biltzea eta elkartasuna adieraztea.
Urtero, arlo ezberdinetako aurpegi ezagunek ematen diote sostengua ekimenari, «Busti zaitez» leloari erantzunez. Atzo, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Donostiako Udaleko ordezkaritza zabal batek hartu zuen parte Kontxako ekitaldian. Besteak beste, Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatua, Jon Albizu Donostiako Gizarte Ongizate zinegotzia edota Eneko Goia EAJko zinegotzia izan ziren ekitaldian, Realeko Alberto de la Bella, Ane Bergara, Cristina Cornejo eta Nekane Soria zein Lagun Aro GBCko Alvaro Bilbaorekin batera. Biodonostia institutuko medikuek eta ikertzaileek ere hartu zuten parte, baita Javier Olaskoaga Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologoak ere. Umeen lagun diren Ane Pirata eta Patakon ere izan ziren Irrien Lagunak Elkartasun Taldearen izenean.
Bizkaiko ekitaldi nagusia Getxoko Ereagako hondartzan izan zen, eta, Imanol Landa alkatearekin batera, zenbait pertsonaia ospetsu izan ziren, Jose Antonio Nielfa La Otxoa edota Maribel Salas eta Gurutze Beitia aktoreak, besteak beste.
Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoen artean ohikoena da eta emakumeei proportzio handiagoan eragiten die. Elkartetik azaldu dutenez, «gaixotasun kronikoa da, ez da kutsakorra, ezin da prebenitu, ez da hereditarioa eta ez da hilgarria». Bizi kalitatean ondorio larriak eragin ditzake, eta, hala, gazteen artean bigarren ezintasun kausa da trafiko istripuen atzetik.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 82 hondartza eta igerilekutan gaitza dutenei elkartasuna adierazi diete, baita dirua bildu ere errehabilitazio tratamenduetan lagundu ahal izateko.
Jabier Olaskoaga Donostia Ospitaleko medikuak «oso une itxaropentsuan» gaudela nabarmendu zuen atzo Euskadi Irratian, aurrerapen handiak ematen ari baitira botika berrien ikerkuntzan.