sokatira
Goiherri A taldeak eskura dauka 600 kiloko Euskal Herriko txapela
J.L.
Goiherri A taldeak eskura dauka 600 kiloko txapela. Jokatu diren bi jardunaldiak irabazi ditu Erandioko ekipoak, eta azkenekoan oso gaizki ibili beharko luke garaipenik gabe geratzeko, eta, orain artekoa ikusita, horrek oso zaila dirudi.
Herenegun jokatutako saioak beste ondorio batzuk ere utzi ditu, izan ere, Mutrikuk bigarren postua ia poltsikoan baitauka, eta badirudi emozioa hirugarren posturako bakarrik izango dela, Getxok herenegun ere azken postuan amaitu baitzuen.
Goiherri jaun eta jabe izan zen, eta saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Atzetik Mutriku sailkatu zen, Erandiokoekin galdu eta gainerako guztiak mendean hartuta. Hirugarren posturako, berriz, sekulako oreka egon zen, eta berdinduta amaitu zuten Gaztedi A, Gaztedi B eta Goiherri B taldeek. Azkena, berriz, Getxo sailkatu zen, jokatutako tiraldi guztiak galduta. Bi jardunaldi jokatu direnean, sailkapen nagusia honela dago: lehenengo, Goiherri, 12 punturekin; bigarren, Mutriku, 10 punturekin; hirugarren, berriz, berdinduta agertzen dira Goiherri B eta Gaztedi, 6,5 punturekin; bosgarren, Gaztedi B, 5 punturekin; eta azkena, aldiz, Getxo taldea agertzen da 2 punturekin.