KRONIKA | MENDEBALA JAIALDIA
Mendebalako behien «Esne Beltza», osoa eta proteinetan aberatsa
Mendebalak bi egunez Kantaurialdeko soinuak ez ezik, Piriniotako hotsak ere ekarri ditu Sopuertara; jatorri eta joera ezberdinetako zazpi talde, musika oparotasun agortezinaren isla.
Anartz BILBAO
Ulträqäns seikoteak itxi zuen atzo bi egunez Santa Anako zelaietan, Sopuertan, izan den jaialdia. 2011ko lan homonimoa aurkeztu zuen galiziar taldeak, harrigarriro ez diskoan bezain bizi, eta bai folk progresibora hurbildu eta instrumentazio bikainez -musikari apartez osatuak ziren atzoko taldeak-. «Armada, Tele 5 eta Belen Esteban edo arrisku prima, beraiena da guztia, baina... guk behiak ditugu!» oihukatu zuen galiziarren baxu jotzaile zoroak «Vacas a rúa» kantua aurkezterakoan, eta entzuleria ikuskizunaren parte hartzera bultzatu. Ordurako goizeko laurak ziren jada, eta dagoeneko gau hasieran zelaietan dantzan zen ume saldoa desagertua zen. Baina behiak aipatu baditugu, galiziarren aurretik jo zuen Esne Beltza goraipatzeko da. Gipuzkoarrak jotzen hasi zirenerako -jada talde erdia nafartua dute- gaztetxo saldoa zen belardian dantzari. Proiekzioz eta disko jartzailez, trikitia modernotasunez janzten du bederatzikoteak; gero eta erritmo aberastasun handiagoa ageri dute gainera -Balkanak, Hego Amerika eta beste bazter askotako aireak-. Grinatsu, plazarako talde ezin aproposagoa direla erakutsi eta parranda piztu zuten Mendebalan. Bereziki polita oholtzatik salto egin eta jendartean murgiltzen diren unea, besteak beste «Infernuko» edo «Pasodoble» -azken hori oholtza txikian- jotzeko.
Giro bikaina
Jaiak eztanda egin baino lehen, sustraietara so egiten duen talde parea genuen entzunda. Oraindik guztiz iluntzeke, Ganbara seikotean itzuli zitzaigun agertokietara, jarduneko unerik liriko eta finenean -umeek eta aiton-amonek izugarri gozatu zutena- «Eguntto batez» emateko. Gero, Aragoiko Biella Nueiren txanda izan zen -ederra Javier Paxariñoren lana saxofoian, folk musika jazzez uztartuz-. Borrokalari samar eta dantzarako gogoz, kantu guztiak egoki aurkeztu zituzten, eta beren herriko iragan folklorikoa ondo aztertua dutela erakutsi.
Mendebala festibalak bi egunez -ostiralean maila ona oholtzan eta iaz baino entzule gehiago, baina fresko samar, esan zigutenez- jatorri eta joera ezberdinetako folk musikak ezagutzeko aukera eskaintzen du, doan. Baita Santa Anako zelaietan, kasik oholtza ondoan, kanpin denda jartzekoa ere. Atzo 30 inguru ziren bertan, asturiar bandera bat tarteko. Gu heldu ginenerako afaltzen zen bertako jendea, baita familia ugari ere oholtzaren beste aldean den garagardotegian, herriko igerilekuaren sarreran. Guk txosnako hautua egin genuen, bertan ogitartekoa eskatuz gero Celtas Cortos taldeak sinatutako Fender gitarra akustikoa zozketan irabazteko aukera zenuen-eta. Goizaldeko ordu biak paseak ziren Xabi Aburruzaga trikiti jotzaileak, neska bat lagun, zenbakia atera zuenerako. Zenbaki bakar batek eragotzi zigun gitarra etxeratzea, lastima!
Aipatutakoaz gain, artisautza azokak ere merezi du arreta. Ez ziren asko bertaratuak, baina bai interesgarriak salgai zituzten eskuz egindako lanak. Tartean, letoiz egindako musika tresna kuriosoak, baita mota guztietako txirulak ere.