GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

«Agitprop»-aren kontraesanak

Kaliforniako AHTren proiektua eta haren bilakaera gainbegiratzean, berehala ulertzen da gure artean pozarren agertu behar luketela dirudien horien isiltasuna

Iragan ostiralean, bozketa estu samarrean (21-16), Kaliforniako Senatuak argi berdea eman zion Ameriketako Estatu Batuetako lehen AHT izango omen denaren proiektuari. Zehatzago esanda, haren lehen zatia, Merced eta Bakersfield artekoa, finantzatzeko eskemari.

Urruti samarreko kontua den arren, azpiegitura erraldoien baitan gizartearen hegemonia ideologikoa erabaki nahi duela dirudien gure herri honetan albisteak oihartzuna izan behar zuela esan zitekeen... Baina ez; inork ez dio jaramonik egin Mendebaldeko unibertsoaren Shangri-Latik zetorren berriari. Ulertzekoa litzateke printzipioz horrelako proiektuen aurka jartzen direnek ezikusiarena egin nahi izatea... Baina aldekoek? Eguna joan eta eguna etorri kimerazko portuak eta urrezko errauskailuak lehen orrialdera eta eguneko gaira eramaten dihardutenek zergatik ez ote dute aukera aprobetxatu AHTren aldeko agitprop puska bat egiteko: «Begira, munduko herrialderik aurreratuena ere gurekin bat dator; Y grekoaren itxura izango du gainera haienak ere, gureak bezala!»?

Kaliforniako Abiadura Handiko Trenaren proiektua eta haren bilakaera gainbegiratzen direnean, ordea, berehala ulertzen da gure artean pozarren agertu behar luketela dirudien horien isiltasuna. Nekez aurki daiteke hemengo eta hango egitasmoak baino gauza kontrajarriagorik. Nola testuinguruan hala proiektua bilakatu eta gizarteratzeko eran. Kaliforniako AHTk, erabat osatuko balitz, 1.300 km edukiko lituzke eta, bultzatzaileen aurreikuspenen arabera, 90-95 milioi bidaiari garraiatuko lituzke urtero. Estatu espainoleko -edota Euskal Herriko- iragarpenekin alderaketak egin besterik ez dago. Edonola ere, proposaturiko ibilbideak Sacramento (2,5 milioi biztanle), San Frantzisko (4,5 milioi), San Jose (2 milioi), Los Angeles (13 milioi) eta San Diego (3 milioi) area metropolitarrak lotuko lituzke, datozen hamarkadetan ere hazkunde demografiko bizia iragartzen zaion zonalde batean.

Proiektua herri bozketan onartuta dagoela esan daitekeen arren, haren aurkako oposizioa oso bizia da. Bai ingurumenari egingo dizkion kalteak arbuiatzen dituztenen aldetik, baita proiektuaren errentagarritasun ekonomikoa ukatzen duten errepublikanoen -eta zenbait demokrataren- aldetik ere. Aurkari guztiak bat datoz CHSRAren aurreikuspenak baikorregiak direla irizten: erabiltzaileak, aurresandakoak baino gutxiago izanen direla; kostuak, askoz handiagoak (herri onespena lortu zuenetik bikoiztu egin dira hauen aurreikuspenak); ekidindako CO2 isurketak, hutsaren hurrengoak.

Eta oso abiadura motelean doa aurrera Kaliforniako AHT: gauzak ondo joanda (hau da, laguntza federal oparoenarekin, Obama medio), 2017rako osatuko litzateke lehen zatia (orain onetsi dena); eta 2033a baino lehen ez litzateke erabat osatuta egongo. Hangoaren eta hemengoaren artean bada kidetasunik, hala ere: Kaliforniako estatuaren eta Estatu espainolaren (eta honen baitako Euskal Herriaren) finantza publikoak porrot eginda daude.

Ez da erraza Kaliforniako adibidea AHTren aldeko agitproperako erabiltzea, ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo