GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Umezurtz

2012ko Tourra hasi denetik, mendiko etapak, erlojupekoak, urduritasun handiko etapak, haizea... denetarik izan dugu. Eta hiru asteko itzuli orok izan ohi duen bezala, lehen atseden eguna ere iritsi da. Txirrindulariok ikaragarri eskertzen dugu atseden eguna. Hasteko, atseden egun aurreko afaria egunero jaten dugun pasta ala arrozetik ezberdina izatetik hasten da. Hurrengo egunean nahi adina lo egin dezakegun aitzakiarekin ere, tertuliatxoa ala hoteleko terrazan egiten dugun egonaldia, beste egunetan baino gehixeago berandutzen zaigu.

Atseden eguna, iratzargailurik gabe hasten dugu. Gorputzari nahi beste lo egiten utzi, eta berak nahi duenean esnatu arte. Gosaldu ere askoz ere patxada handiagoz, eta 11.00ak aldera, ordubeteko ala ordu eta erdiko saiotxo bat egin ohi dugu lasai-lasai. Gehienetan, tabernaren bateko terrazatxoren batean geratu, kafea ala Coca-cola bat hartu, eta gure «batailatxoak» kontatzen ditugu umore onean. Gero, bazkaria, siesta, masajea, eta oso zorioneko bazara, eta familiak gerturatzeko aukera izan badu, azken bi asteetan izan duzun lehenengo «bis a bisa». Horixe izaten da eguneko momentu onena. Zure txikiekin jolas egiteko duzun ordutxo hori, ala emaztea edo lagunak gertutik ikusteko minutu horiek.

Baina, momentu goxo horiek, onak diren gauza guztien moduan, berehala bukatzen dira, eta nahi beste atseden hartu ez duzun sentsazioarekin, hurrengo etapako gauzak prestatzen hasten gara. Txirrindulariok horrela bizi dugun bitartean, zuzendariek ondorioak atera eta balorazioak egiteko erabiltzen dute egun hau. Eta balorazioak egiteko orduan, oso zorte txarra izan duten nire taldekide ohiekin gogoratzen naiz.

Iaz, geuk ere 5 txirrindularirekin bakarrik harrapatu genuen Champs Elisees-ko azken helmuga, erorketek izugarrizko sarraskia egin zuten gure taldean, eta gure taldeko liderrak etxera joan zirenean, gu umezurtzen pare geratu ginen, lasterketan zer kristo egin ez genekiela.

Euskaltel Euskadi orain dela 3 urte utzi nuen arren, ez dut ahazten zeini esker lortu nuen profesional izateko ametsa gauzatzea. Horrexegatik, eta nahiz eta gure bideak orain banaturik dauden, nire desiorik onenak eta zorterik onena opa dizkiet, liderrik gabe eta ia Liejan hasi zuten talde erdiaz dagoen taldeari.

Pentsatzen dut beraiek ere, gu iaz bezala sentituko direla, baina erraza ez den arren, ahal den bitartean, egurra eman dezatela eta etsi gabe saia daitezela esango nieke. Zorte ona ala txarra, emaitza bikainak ala eskasagoak izan, marea laranja beti lagun izango baitute.

Aupa mutilak, ia behingoz zuen zorte txarra aldatzen den. Izan ongi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo