GARA > Idatzia > Mundua

Hagak 14 urteko kartzela zigorra ezarri dio Lubanga Kongoko miliziaburuari

Nazioarteko Zigor Auzitegiak hamalau urteko kartzela zigorra ezarri dio Thomas Lubanga komandanteari, haurrak soldadu izateko errekrutatzeagatik. Auzitegiak jarritako lehen zigorra izan da 2003an abiatu zenetik, eta zigorra arindu dio «kooperatu» izanagatik.

p021_f01-46x60.jpg

GARA | HAGA

Nazioarteko Zigor Auzitegiak hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zion atzo Thomas Lubangari, Kongoko Errepublika Demokratikoko miliziako buruzagi eta sortzaileari, haurrak soldadu izateko errekrutatzeagatik. Hala, auzitegia Hagan 2003an martxan jarri zenetik lehen epaia plazaratu du.

«Lubanga hamalau urteko kartzela zigorra betetzera kondenatzen dugu», esan zuen Adrian Fulford epaileak auzialdi publiko batean. Horrez gain, behin-behineko kartzelaldian eman duen denbora aintzat hartuko dela eta hamalau urte horiek osorik bete behar izango ez dituela ziurtatu zuen.

Thomas Lubanga, 51 urteko gizona, ustez ehunka zibil hil dituen miliziaren sortzailea da, zeinak haur soldaduak erabili izan zituen Ituriko eskualdeko gerra zibilak iraun bitartean -2002tik 2003ra-, Kongoko ipar-mendebaldean.

Martxoaren 14an gerra krimenen erruduntzat jo zuten. Ekainaren 13an 30 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak Lubangaren aurka, baina atzo, hasieran urduri bazirudien ere, sorgor geratu zen epaia entzun ostean.

Epaileek zigorra arindu zioten miliziako buruzagiari «prozesu guztian zehar kooperatu duelako, akusazioak etengabeko eta justifikaziorik gabeko presiora jazarri izan duen arren».

Thomas Lubangak, Kongoko Abertzaleen Batasuna (UPC) miliziako sortzailea eta Kongo Askatzeko Indar Abertzaleetako komandatea -UPCren adar armatua- urtarrilaren 26an hasi eta 2011ko abuztuaren 26an amaitu zen epaiketan errugabea zela adierazi zuen. 2006tik Hagan kartzelatuta dago.

Bosco Ntaganda Thomas Lubangaren hurrengoa atxilotzeko agindupean dago 2006tik, Lubangari egotzitako gerra krimen berberengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo