EAEn edo Nafarroan 5 eta 10 urte erroldatuta egon izana, bozkatzeko baldintza bakar
Espainiako Gobernuaren «aditu» taldeak aurreikusitakoaren arabera, «erbesteratuek ETAren presioa jasan dutela zin egin beharko dute» Euskal Herrian bozkatzeko, baina inolako frogarik aurkeztu beharrik gabe.
GARA | BILBO
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako errolda eraldatuko lukeen legea sortzeko lanean den Espainiako Gobernuaren «aditu taldeak» ia amaituta dauka bere txostena, Vocento taldeak atzo argitaratukoaren arabera. Espainiako komunikazio taldeko medioen arabera, Hego Euskal Herriko erroldetan sartu ahal izateko «ETAren presioa» jasan izana argudiatzea nahiko litzatekeela defendatzen da txostenean. Horretarako, gainera, ez litzateke inolako frogarik aurkeztu behar, nahikoa litzateke zin egitea. Hau da, proposamenak aurrera eginez gero, frogatzerik ez den balizko egoera bat erabiliko litzateke hauteskunde errolda goitik behera aldatzeko.
Horiek horrela, Hego Euskal Herriko herri batean denbora zehatz bat erroldatuta pasa izana nahikoa izan daiteke euskal hauteskundeetan bozkatzeko. Puntu horretan, hori bai, «adituak» ez dira oraindik ere ados jarri; batzuek 5 urtez erroldatuta egotea aski izatea defendatzen dute, eta, besteek, berriz, 10 urte. Desadostasunak desadostasun, auzia aztertzeko egindako kongresuan batutako guztiek proiektua «bideragarria» dela uste dute, nahiz eta gauzatzeko orduan «arazo juridiko-legalak» aurreikusi.
Vocentoren arabera, behin betiko txostena uztailaren bukaera alderako egongo da prest eta Barne Ministerioaren esku. Behin oporrak igarota, irailean, Madrileko Gobernua «gaur egun indarrean den hauteskunde legearen ordez lege berri bat aurkezteko egoeran aurkituko litzateke» Vocentoko hedabideen arabera.
«Adituek» berek onartzen dutenez, proiektua «etorkizunera begirako» apustua da, eta, hala, hurrengo EAEko hauteskundeetarako legea ez litzateke indarrean izango, udazken honetan zein datorren urteko martxoan ospatu. Vocentok argitaratutakoaren arabera, «epaileen gehiengoaren adostasuna» lortu ostean, gehiengo hori «alderdi politikoetara» zabaldu nahi du Mariano Rajoyk zuzentzen duen Gobernuak. Gehiengo hori osatzeko lehentasunezko kidea, noski, PSOE izango litzateke, bere bi adar nagusietan gainera: alde batetik, Rubalcabak zuzentzen duen Espainia mailako alderdia, eta, bestetik, Patxi Lopezen Lakuako Gobernua.
Sortuko litzatekeen errolda berrian izena emateko, zehaztutako denbora tartean Hego Euskal Herrian erroldatuta izandako herritarrek Hauteskunde Erroldaren Bulegora jo eta «ETAren mehatxuagatik» Euskal Herritik alde egin zutela zin egin beharko lukete. Ez litzaieke, gainera, inolako frogarik aurkeztea eskatuko, «adituen» iritziz, «garai horretako esperientziak edo bizipenak gogora ekartzeak trauma itzela suposatuko bailuke biktimentzat».
EAEko hauteskundeetarako, ez
Anton Damborenea Bizkaiko Alderdi Popularreko presidentea hauteskunde legearen balizko aldaketaren inguruan mintzatu zen atzo. Bere esanetan, «proiektua ez da hurrengo hauteskundetarako prest izango, erroldaren aldaketak presarik gabe egin behar baitira, hauteskunde guztietarako baitira».
PPko politikariarentzat, lege aldaketak «ETAk eragindako mina konpontzeko» balioko luke, «talde terroristak Euskal Herritik bidegabeki erbesterazitako herritarren eskubideak ahal den neurrian bueltatzeko» aukera emango bailuke.
«Adituak» ados dira euskal hauteskundeetan bozkatzeko baldintza bakarra Hego Euskal Herrian erroldatuta egon izana dela defendatzeko orduan. Desadostasun bakarra dute: epe hori 5 edo 10 urtekoa izan behar den.