GARA > Idatzia > Euskal Herria

Paueko fiskalak Juan Mari Mujika Espainiaratzeko eskatu du

A.M. | PAU

Dominique Jeol fiskalak Juan Mari Mujikari euroagindua betetzeko eskaera egin zion atzo Paueko Dei Auzitegi bereziari. Bere esanetan, Auzitegi Nazionalaren eskaerak prozedurak eskatzen dituen baldintzak betetzen ditu eta, horrenbestez, ataundarra Espainiaratzearen alde agertu zen.

Alta, bere abokatu Jean-François Blancok kontrakoa eskatu zuen. Alde batetik, euroagindu eskaeran leporatzen dizkioten ekintzetako batzuk Estatu frantsesean gertatu zirenez, Madrili entregatzea ez dela nahitaezkoa gogorarazi zuen.

Aitorpenak

Alabaina, argudio nagusia akusazioaren iturrian oinarritu zuen defentsak. Izan ere, Mujikaren kontrako froga bakarra torturak salatu zituen atxilotu baten aitorpena dela gogorarazi zion epaitegiari. Salaketa hori oraindik auzitegian aztertu ez denez, deliberoa ezagutu arte, euroagindua inola ere ez onartzeko eskatu zuen abokatuak.

Paueko epaitegiak datorren uztailaren 17n jakinaraziko du bere ebazpena. Bitartean, Mujikak Seysseseko espetxean segituko du. Joan den uztailaren 5ean eraman zuten Okzitaniako Tolosatik hogei bat kilometrora dagoen presondegi horretara, bezperan Barkoxen atxilotua izan ostean.

Ataundarra 2008tik bizi da Ipar Euskal Herrian. Hain zuzen, urte hartako abenduan Donapaleu inguruan ordu batzuez bahituta izan zutela salatu zuen publikoki. Atxiki eta mehatxatu zuten pertsonak polizia espainolak ziren uste osoa zeukan Mujikak.

Baionako epaitegian salaketa jarri zuen arren, kasua argitu gabe geratu zen. Fiskalaren ikerketak soilik egiaztatu zuen inguru hartan Espainiako konpainietako lau telefono mugikor erabili zirela.

Barne Ministerioari horien jabeak nortzuk ziren jakinarazteko eskatu zion arren, telefonoak aurreordainketa txarteladunak zirela-eta, jabeak nortzuk ziren jakitea ezinezkoa izan zela erantzun zioten Madrildik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo