GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Finalean arituko garenon artean, Lizasok ematen dit kezkarik handiena»

p033_f01.jpg

Jexuxmari Ormaetxea

Segalaria

Jexuxmari Ormaetxea da igandean Leitzan jokatuko den Euskal Herriko Sega Txapelketako finala irabazteko faboritoetako bat. Orendaingoak iaz ezin izan zuen parte hartu, gerrietako arazoak zituelako, baina aurtengoan gogo biziz dator. Bere burua ongi ikusten du, eta txapelaren borrokan ibili nahi du.

Jon LEUNDA

Ez dabil zorteko Ormaetxea. Iaz txapelketetan parte hartzea galarazi zion lesioa gainditu ostean, pneumonia harrapatu zuen, eta ezin izan zuen aurtengo Gipuzkoako Txapelketan parte hartu. Hura ere gainditu du, eta Leitzako finalean bere mailarik onena eman nahi du.

Nola zaude iganderako?

Lanik handienak egin ditut, eta nahiko gustura nago. Euskal Herrikoa hasi aurretik beldur apur bat banuen, iaz aritu gabe egon nintzelako, baina orain gustura nago neure buruarekin.

Orain dela hilabete izan zenuen gaixotasuna ere erabat bazterrean utzita al daukazu?

Bai, unerik txarrenean harrapatu nuen pneumonia. Gipuzkoakoan ateratzeko prest nengoen, eta hilabete geldirik egon behar izan nuen, baina orain ongi nago, eta Euskal Herriko Sega Txapelketako kanporaketa jokatu genuenetik ere hobera egin dudala iruditzen zait.

Aspaldian lesioekin ere ez al zabiltza nahikoa okertuta?

Egia esan, bai. Gerria ez bada belauna, beti badut zerbait. Gerriarena pasata, belauna daukat konpondu beharra, baina segan aritzeko ez dit horrenbesteko arazorik ematen, eta denboraldia bukatu bitarte utzita daukat. Hori gutxi ez balitz, tartean gaixotasuna ere izan dut, baina orain nahiko ongi nago, eta horrek balio dit une honetan.

Nola ikusi zenuen zeure burua Erratzuko kanporaketan?

Ongi. Nahiko urduri joan nintzen. Iaz ez nuen ateratzerik izan, eta pneumonia ere pasatu berri nengoen, baina amaieran gustura geratu nintzen. Finalean sartzea zen helburua, eta hori bete nuen.

Lizaso eta zu al zarete txapela lortzeko faborito bakarrak?

Beno, Alkorta eta Kanflanka ere sartu dira, eta, finalean baldin badaude, zerbaitegatik daude. Haiek ere kontuan hartu beharko dira. Lizaso eta ni gara azkeneko txapeldunak, eta jendeak horri ere begiratuko dio.

Nork ematen dizu igandeko finalerako kezkarik handiena?

Lizasok. Bera ere oso ongi dago, eta kanporaketan, nahiz eta tartea oso txikia izan zen, berak aurretik amaitu zuen. Bien artean ez dut uste alde handirik dagoenik, baina garbi daukat bera dela jarraitu beharrekoa.

Kanporaketa Alkortak irabazi zuen. Hori zerbaiten seinalea al da, edo ez dizu kezkarik ematen?

Nik uste dut sailetan bazegoela alde pixka bat. Ez dut uste bera Lizasoren eta nire gainetik dagoenik. Dena dela, ustea gauza bat izaten da, eta gero egunean gertatzen dena beste gauza bat. Kirolean lehen ere ezuste asko eman dira, eta berriro ere emango dira. Berak ere izango ditu bere aukerak, eta horietaz baliatzera joango da.

Ezagutzen al duzu finala jokatuko duzuen lekua?

Bai. Ez da leku txarra, baina bizi ibili beharrekoa da. Belarra ez dago handia, eta sailetan tarterik eta alderik ez egoteko, sailak txikiagoak eta ugari daude jarrita, denontzat berdin izateko. Horrek azkar ibili behar dela esan nahi du, sailetik sailera bizi joan behar dela; hori bai, denontzat berdina izango da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo