GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Estatu Batuetara edo Txinara familiarekin bueltatu nahi nuke»

p052_f02.jpg

Jon Garaño

Zinema Zuzendari eta ekoizlea

Zinemagilea Jose Mari Goenagarekin elkartu zen 2010ean «80 egunean» filma zuzentzeko. Urte hartako Donostiako Zinemaldian Film Comission saria eta Gehitu elkartearen Sebastiane saria eskuratu zituen. Aurretik ere bide luzea egina zuen, Moriarti produkzio-etxeko gainontzeko kideekin.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Jon Garaño eta bere lankideak etengabe ari dira lanean. Egun, Jorge Gil Munarrizek zuzenduko duen «El método Arrieta» film dokumentalaren ekoizpen lanetan ari da. Pelikulak «El método Julio» film laburraren bidetik joko du. Lehendabizikoa ikasteko zailtasunak dituzten haurrekin lan egiten duen Venezuelako irakasle bati buruzko lana da, eta bigarrengoa, berriz, gizakiak duen komunikatzeko premiari buruz arituko da.

Donostiako Arrieta ahizpak izango dira filmeko protagonistak. Jaiotzetik mintzamen arazoak izanik, beraien artean komunikatzeko sistema bat asmatu eta garatu zuten.

Egin dituzun bidaietatik, zein duzu gustukoen?

Bat aukeratu behar da? Egin ditudanen artean gustukoenak agian, pare bat baino ez aipatzearren, Ameriketako Estatu Batuetan barrena autoz egin genuen bidaia edota Txinan zehar ibili ginenekoa. Lan kontuengatik Etiopian ere izan naiz duela gutxi eta bertara familiarekin bueltatu nahiko nuke egunen batean. Leku gomendagarria da, dudarik gabe. Ezagutu nahi ditudan beste bi leku: Islandia eta Madagaskar.

AEBak aipatu dituzu. Zer egin daiteke bertan?

Gu hego-mendebaldean ibili ginen, eta bertan itsasoa, mendiak, basoak eta basamortuak daude. San Frantzisko edo Los Angeles bisita daitezke, Las Vegasen sos batzuk galdu, Colorado ibaiaren Arroila Handian edo beste edozein parke nazionaletan mendi ibilaldiak egin... Zion Parke Nazionala asko gustatu zitzaigun. Merezi du. Mendiko botak eta bainujantzia eraman behar dira derrigor. Eta dirua, noski.

Bidaia hori egitekotan, nola hobeto?

Bidaia autoz egitea da onena. Eta lo edozein lekutan egin daiteke. Guk kanpinetan, ostatuetan, hoteletan egiten genuen lo. Eta pare bat egunetan autoan bertan ere bai.

Zein leku ez zenuke inolaz ere gomendatuko?

Uda batean Itsaso Hilera joan ginen eta bertan egiten zuen beroa jasangaitza zen. Sinestezina. Horrelako lekuetara udaran ez joatea gomendatzen dut.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo