GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Igeldoko parkeko sarreraren truke, Kutxa Kultur Festibala

Publikoa gaztetu eta euskal talde alternatiboei leku egitea xede, ate joka dugu jada aurten irailaren 7an eta 8an egingo den Kutxa Kultur Festibala. Kontzertuak dohainik izango dira azkenean, eta, hala, funikularra erabili eta parkean sartzeko txartela bakarrik erosi beharko da, 10 euroan.

p053_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Kutxako Gizarte Ekintzak antolatutako Kultur Festibaleko kontzertuak doan izango dira azkenean, atzo arduradunek Igeldon emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez. Igeldoko jolas parkean ospatuko denez jaialdia, parkerako sarrera besterik ez dute kobratuko.

Martxoaren amaieran aurtengo jaialdian izango diren taldeen zerrenda aurkeztu zuten, eta, hasiera batean sarreren prezioa finkatu bazuten ere (40 euro egun bateko txartela eta 74 euro jaialdi osokoa), musika alternatiboa gizartera gerturatzeko helburuarekin kontzertuak doan izateko hautua egin dute azkenean Ginmusica ekoiztetxeak eta Kutxak.

Antolatzaileen erabakia Kutxabankek jaialdiari baliabide gehiago eskaini izanak eragin du. Izan ere, baliabide horiek talde gehiago kontratatzeko edota beste agertoki bat prestatzeko erabili beharrean, jaialdia doakoa izatea nahiago izan dute antolatzaileek. Beraz, kontzertuak ikustera gerturatu nahi duen orok 10 euro besterik ez ditu ordaindu beharko; hau da, parkean sartu eta funikularrean ibiltzeko txartela erosi beharko du soilik. Noski, hasiera batean aurreikusitako prezioan sarrera erosita dutenei, dirua itzuliko zaie.

Iñaki Altuna Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendariak atzo nabarmendu zuenez, Kultur Festibala udako jaialdi soil bat bakarrik izan beharrean, ekitaldi sozial bat bilakatzea dute xede antolatzaileek, «eta ekonomikoki garairik onenak ez direnez», jaialdia doakoa izatea erabaki dute. Gainera, gunearen edukiera ia bikoiztu egin dute -2.500 lagunetik 4.500era-, eta hurrengo urteetan bilakaera horrekin jarraitu ahal izatea espero dute.

Sergio Cruzado Ginmusica ekoiztetxeko programatzaileak, bere aldetik, argi azaldu zituen jaialdiaren aurtengo helburu nagusiak: publikoa gaztetzea, familia osoarentzako ekitaldi bat eskaintzea eta euskal taldeei ikusgarritasuna ematea.

Jaialdia irailaren 7an eta 8an ospatuko da, eta, musika alternatiboko taldeen kontzertuak, berriz, 16.30etik aurrera egingo dira Igeldoko jolas parkean espresuki muntatuko dituzten bi agertokietan, txandaka. Parkeko ontzi piratan haur txikiekin gerturatzen diren familientzat haurtzaindegi zerbitzua eta tailerrak jarriko dituztela ere nabarmendu behar da. Hori bai, komenigarria da aurretik izena ematea, plaza kopurua mugatua izango baita.

The Cabriolets eta Saint Etienne

Atzoko aurkezpenean, jaialdiko nondik norako nagusien berri eman baino lehen, irailean Igeldon bertan taula gainean izango diren bi taldek abesti bana eskaini zuten, etorriko denaren aurrerapen gisa. Lehenik, Naica taldeko kideek hartu zituzten euren musika tresnak jolas parkeko autotxokeak agertoki inprobisatu gisa zituztela. Jarraian, Correos taldeko kideen txanda izan zen.

Jaialdiaren jarraipen gisa, udazkenean puntako beste bi kontzertu ere izango dira Donostian. Bimba Boseren The Cabriolets taldea San Telmo museoan arituko da, eta, Saint Etienne Londresko talde ezaguna -Primavera Sound jaialdian Björken ordez jo berri du-, aurreratu nahi izan ez duten «leku berezi batean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo