GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Miseria eta miserableak

Pertsonok ez dugu atsegin besteen miserien lekuko izatea; ahal izanez gero, ekidin egiten dugu egoera tamalgarriak parean izatea, edozein aitzakia kontatzen diogu gure buruari alde egitea hobe dela justifikatzeko, sarri, aitzakia izaten da bestearengan deserosotasuna eta lotsa ez eragitea, ez dadin errukitua senti, gainera.

Adibide gisa, duela lau bat urte lagun batek kontatutako kasu bat datorkit gogora, krisi hasierako pasadizo bat. Krisiak orduan latza zirudien, sektore jakin batzuetako langileak artega sentitzen hasiak ziren, eta beste batzuk lasaiago genbiltzan, dena zegoen ikusteke. Laguna, egun batean, lantokira iritsi eta ustekabeko bilera aurkitu zuen lankideen artean. Batzuk harrituta zeuden, beste batzuk irainduta, eta bakar bat burumakur eta negarrez hasteko zorian, hain zuzen ere, aldizkako kontratuen erregina, beti hari-harian zegoena, eta, azkenean, krisia iritsi zenean, langabeziara bidalitako lehen-lehena. Auzia, honakoa: langabeak lauzpabost gau zeramatzan bulegoan lotan. Antza, inor iritsi baino lehen joaten zen, bere bi gauzak bilduta, baina egun hartan loak hartuko zuen, eta lehenengo lankidea heldu zenean, susto ederra hartu ei zuen. Ia bihotzekoak eman ziola-eta kristoren ika-mika eragin zuen; batzuk alde jarri zitzaizkion, zuzendaritzari jakinarazi behar zitzaiola defendatuz; beste batzuk, aldiz, ez zela horrenbesterako zioten, eta gajoak nahikoa zuela bere kalbarioarekin. Nire laguna horien artean zegoen, jakin bazekielako aldizkako kontratuen erreginaren bizi-baldintzak ez zirela samurrak, ez zuela etxebizitza nola ordaindu, ezta eskua botako zion seniderik ere; izan ere, Bolivian zituen, eta lagunarte sendorik egiteko astirik ere ez zuela izan. Eta beldurtuta zegoela. Nire laguna txundituta geratu zen eguneroko lankide zituenekin, oro har jatorrak ziruditen haiekin, euren ankerkeria eta hoztasunarekin, bulegoa beraien etxeko logela ukiezina balitz bezala jokatzen zuten haiekin, eta nazkatuta ere bai, bihotzean ukituta. Laguna bakarrik bizi da, loft erako batean, handia, argitsua, primerakoa. Lankide burumakur lotsatu estutua etxera gonbidatu ote zuen galdetu nion, gauzak apur bat konpondu arte, behintzat, izan zezan aterpe... eta lagunak, orduan, lehenik harrituta eta gero lotsatu samar, esango nuke, «tira, hori ere ez da kontua, beste baten arazoa nire gain hartzea...» bota zidan, eta gaia aldatu zuen.

Halakoak gara, geurekoiak eta indibidualistak, geurea ukitzen ez diguten bitartean, arazoak beti besteenak dira («Hi, burges madarikatua!»). Duela lau urte, zenbait arlotako langileak, etorkinak, emakumeak eta gazteak, gehienbat, zeuden miran, krisitik atera ahal izateko jomuga ziren, sakrifikatzen lehenak. Orain, egurra denontzat dago, beste alde batera begiratzea gero eta ezinezkoagoa da, konturatzen ari gara miseria eta pobrezia ohiko aurpegiez harago hedatzen ari dela, eta bihotzetik espero dut honek guztiak balio dezala, bederen, elkartasuna, enpatia eta herri ekimena eraldatzeko eta jendartearen norabidea iraultzeko, errotik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo