Lehendakarigaiak krisiaren aurrean
Hauteskunde kanpaina abian, atzo, lehendakarigaiek Espainiako gobernuak hartutako neurri ekonomikoak izan zituzten hizpide. «Murrizketak bai, baina aizkorakadarik ez», defendatu zuen Urkulluk, moztu, moztu beharra dagoela eta bisturia erabili behar dela proposatuz. Basagoitik Rajoyren neurrien apologista paperarena egiten dihardu. Lopez lehendakariak, aldiz, soilik derrigorrezkoak diren neurriak aplikatuko dituela dio, legegintzaldiko bere sozioarekiko distantzia hartu eta soslai propioa bilatu nahirik. EH Bilduko lehendakarigaiak, Laura Mintegik, berriz, harago eraman zuen mezua eta murrizketen kasuistikez gaindi, abiapuntu eta adostasun berri bat proposatu zituen, errotik ikusmolde eta logika berriak landuz. Hartara, elkarrizketa eta ezberdinen arteko elkarkidetzarako prest azaldu zen, herri ikuspegia eta jokabidea lehenesten dituen diskurtso solemne baten eskutik.
Egoera sozioekonomiko latz honi irtenbidea instituzioetatik eman nahi izatea lar handiuste jokatzea da. Bitarteko eta maniobra tarte gutxi dagoen arren, tresnak egon badaude eta egitasmo kolektibo baten zerbitzura jarri beharko lirateke. Euskal herritarrek ordaintzen dituzten zergen heren baten gaineko eskuduntza besterik ez dutela kontuan hartuz, egoera hori iraultzeak erreferentzia izan behar luke. Burujabetzaren horizontea beti presente, erabaki ahalmena eskuratu eta marko ekonomiko berri bat sendotu ahal izateko. Euskal udalerrietako langileen soldatak, erretiratuen erretreta ala langabeen diru laguntzak Madrilen erabakitzea ezin onartuzkoa da. Menpekotasuna areagotu eta egoera txar bat are okerragoa egitea baita.
Espainiak besoak zabal-zabal euskal herritarrak besarkatu eta sozialki babestuko dituela pentsatzea abismora daraman bidea da. Ongizate eta aurrerabiderik ez da zerutik eroriko, baina ezta Madriletik etorriko ere. Hemen, Euskal Herrian, asmatu beharra dago, euskal jendearen eskuetan datza gakoa. Lehendakarigaiek, beste kalkulu eta ponpa guztiak alboratu eta horri erantzun beharko liokete. Emergentzia nazionaleko egoera honek herri bezala erantzutea eskatzen du. Hori izango da lehendakari berriaren erronka behinena.