GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Helios Del Santo Gomez | AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea

Egun bateko txangoa Nafarroako Parlamentuan

Egun hartan, parlamentariekin argi islatu zen haiei ere badagokiela euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez ematea eta eredugarriak izatea

Ba al dakizue AEK-ko ikasleak zeri buruz eta zein hizkuntzatan mintzatu ziren parlamentariekin? Euskaltegietan, lagun asko, han eta hemen, euskara ikasten ari dira; Gobernuaren asmoa euskaltegiei arnasa ukatzea den arren. Argi dugu gure aberastasuna herritarrak direla, eta gainera, haiek dute giltza. Gainera, ondorio argia atera dugu: herritarrek egiten dute, Nafarroako agintariek egin ez duten bitartean. AEK-ko euskaltegietan ari diren ikasle batzuekin Parlamentura jo genuen honetaz eta, oro har, helduen euskalduntzeaz hitz egitera. Horretarako hitzordu bana lotu genuen bertan ordezkaritza duten alderdi guztiekin.

Nafar guztion etxera iritsi eta identifikazio unea genuen, sarreran zain zeuden foruzain atseginekin. Gaztelaniazko harrera txukuna izan genuen. Euskara berezkoa eta «ofiziala» bai, baina zure etxean, Nafarroako Parlamentuan ez. Ikasgai bikaina jaso zuten ikasleek. Euskaraz bizi nahi duen jendeak Parlamentuan ezin egitea.

Zoragarria iruditu zitzaigun euskaltegietan euskara ikasten ari diren ikasle horiek euskaraz egitea aurrean zuten parlamentariekin. Biziki hunkigarria izan zen erakutsitako gaitasuna eta adorea. Haien eguneroko egoeratik atera eta halako bilera ofizialetan jardutea bera eskertzekoa da. Gainera, aukera izan zuten guztiekin euskaraz egin izana zirraragarria izan zen. Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar da NaBai eta Bildu-rekin baino ez zutela euskaraz egin. Gainontzekoekin, aldiz, gaztelaniaz egin behar izan zuten. Beste alderdi horiei dagokienez, Nafarroako jendartea ordezkatzen duten parlamentariekin elkartu eta bere kabuz euskara ikasi duen pertsona bi hizkuntzak ezagutzen dituen bakarra izatea oso esanguratsua da. Herritarrek bai, beste behin.

Vascuenceren legearekikoak: Parlamentuan ikasleek utzitako testigantzen bidez agerian geratu ziren arauak dituen hutsuneak. Lehenik eta behin, haiek dira eskolak euskaldundu ez dituztenak. Nafarroan, belaunaldi berriak euskaldunduko dituen plangintza ezinbestekoa da. Hori egin bitartean, legeak bultzatzen ez duen Helduen Euskalduntzea ere hor dugu. Mayuk esan zuen moduan, euskaltegiek aukera ematen digute euskara ikasi nahi dugunoi. Herritarrek eta euskaltegiek bai, legeak ez.

Horrez gain, Ignaziok Seminario garaian euskara ikasten hasi zela aipatu zuen. Bertan «Vascuenceren Legea» izanen zenaren ezagugarri bat jada ezagutu zuen. Eremu euskaldunekoak ez zirenak euskara ikastetik baztertu zituzten.

Euskaraz bizi nahia: Euskara ikasteaz gain, euskaraz egiteko gogoa adierazi zieten parlamentariei. Lagunekin, seme-alabekin, bilobekin eta abar luze batekin orain arte izan ez duten euskarazko harremana lortzen ari direla harro-harro adierazi zieten. Bizitzeko modu berri bat garatzen ari direla gaineratu zuten. Egun hartan, parlamentariekin argi islatu zen haiei ere badagokiela euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez ematea eta eredugarriak izatea.

Euskararen balioa: Ignaziok berak esan zien eskolan ikasitako frantsesak baino, euskaraz jakiteak askoz gehiago lagunduko ziola bere lan garapenean. Andreak, gainera, aitortu zion, euskarari esker, espero ez bazuen ere, lana topatu duela. Azkenik, Osasunbidean ari den Martak esan zien ezinbestekoa iruditzen zaiola euskaldunei euskaraz zuzendu ahal izatea. Bera erizaina da eta testuinguru horretan jendea urduri eta deseroso egon ohi da, eta beraz, herritarra nahi duen hizkuntzan ezin aritzea oso gogorra iruditzen zaio. Herritarrek bai, Gobernuak ez.

Tomas, Andrea, Marta, Mayu, Ignazio eta gainontzeko ikasleen ahalegina oso adierazgarria da. Euskara ikasteko dauden oztopoen gainetik, maila polita lortzen ari dira, eta familian, kuadrillan, lantokian, baita Parlamentuan ere, euskaraz bizitzeko gogoa adierazten ari dira. Txanponaren beste aldean, agintarien ezina eta kontrako jarrera dugu. Hor, herritarrek ematen dituzten urratsen antzera, aldekotasuna adierazten duten alderdi parlamentarioek zer egin izan badute. Ezinbestekoa iruditzen zaigu jada euskara beren eguneroko jardunaren hizkuntzatzat hartu dutenak txalotzea. Euskalduntze prozesuan, bi bidetik bultzatzeko proposatzen dizuegu. Alde batetik, helduen arloari izaera estrategikoa ematea, plangintza sendo bat eta aski inbertsioak eskatuz; eta, beste aldetik, euskaraz bizitzeko eredugarriak izatea: egunero euskaraz funtzionatzea, sentsibilizatzea eta euskara ikastera deitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo