Sega | Euskal Herriko finala
Ormaetxeak argi utzi du ofizioa ederki ikasita daukala
Orendaingoa izan zen sailetan azkena, baina belarra behetik ebakiz, kilorik gehien berak moztu zituen.
Jon LEUNDA
Jexuxmari Ormaetxeak irabazi zuen atzo Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako finala. Orendaingoak azken urtea nahiko txarra izan du, lesio batek ez baitzion pasa den urtean lehiatzen utzi, eta aurtengo Gipuzkoako finala ere ezin izan zuen jokatu, gaixorik zegoelako. Atzoko finalean arantza guztiak atera ahal izan zituen.
700 ikusle pasa batu ziren atzo finala zuzenean ikusteko asmoarekin, eta bertaratu zirenek ez zuten damutzeko astirik izan, sekulako finala eskaini baitzuten lau segalariek. Zaleek ederki eskertu zuten, eta amaieran sekulako txalo zaparrada eskaini zieten kirolariei.
Bakoitzak ordubete izan zuen lanean aritzeko, eta hamaika sail, guztira 1.654 metro zituen segalari bakoitzak ebakitzeko. Arauzko denbora bete zenean, laurak ari ziren azkeneko sailean, nahiz eta inork ez zuen bukatu. Betiko eran jokatzen den segalaritzan, sailetan zein doan aurretik edo ez, ez du horrenbesteko garrantzirik izaten, ez behintzat ikaragarrizko aldeak kentzen ez baldin ditu norbaitek; eta hori atzo jokatu zen finalean ikusi ahal izan zen.
Lizasok amaitu zuen lehenengo sailetan. Lehenbizikoa, Alkortak eta biek batera amaitu zuten. Bigarrena, Kanflankak aurretik amaitu zion; eta hirugarrengoan, berriro ere batera ziren Alkorta eta biak. Hortik aurrera, Asteasukoa izan zen lehenengo, eta ordubete amaitutakoan ere berak zeukan sailik handiena ebakita; baina hemen kiloak behar dira, eta Lizasok nahiko goitik ebaki zuen atzo belarra, eta amaieran hirugarren postuan geratu zen.
Ormaetxea, aldiz, lehen sailetik azkenekora azkena izan zen sailetan, beti besteen atzetik, baina belarra oso behetik moztuz, biltzaileek bildu bezain laster ikusten zen nor ari zen txukunen ebakitzen, eta amaieran beretzat izan zen saria, berak ebaki baitzituen belar kilorik gehien. «Ikusten nituen besteak sailetan nire aurretik zirela, baina banekien ni oso txukun, belarra behetik mozten ari nintzela, eta konfiantza horrekin jarraitu dut saio guztian zehar, eta azkenean gauzak ongi atera zaizkit. Txapel honek aurrera jarraitzeko indar handia ematen du», esan zuen gipuzkoarrak txapela jantzi bezain pronto.
Atzo betiko eran erabaki baldin bazen Euskal Herriko txapela, datorren igandean erabakiko da Zaldibian, Almitza Elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Euskal Herriko Liga. Igor Esnaola eta Alazne Etxaburua, mutiletan eta nesketan, doaz sailkapeneko lehen postuan.
Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa neurtuko dira gaur Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan, Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiari hasiera emanez. Ekinaldia, 12.30ean hasiko da. Bizkaitarrak lehen saioa irabazi egin zuen, eta gipuzkoarrak, berriz, galdu egin zuen.