GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Digestio kontuak

Marrazo haren gertutasuna ez zen arrisku. Marrazo gajo hark, zoritxarrez, ez baitu haragia maite, eta are gutxiago gurea bezalako espezie eskas batena baldin bada. Zer esango ote lukete marrazoaren hortzek surfa besterik egiten ez duen morroi bat garbituko balute? «Maite zuen hori egiten hil zen»? «Itsas txakur bat zelakoan eraso zion»? «Merezita zeukan»?

 

Pasa den ostiralean marrazo bat zebilen Zarauzko uretan eta norbaitek kamera batekin grabatu zuen olatu artean zebilela. Haren itzal berezia ikus zitekeen lasai, isats aldea batera zein bestera mugitzen, izen txarreko piztia honek duen ohiko elegantzian.

Inguruan, surfean edo igeri egiten zebilen jendea ikus zitekeen, patxadan, ezjakin, lasai, oharkabe. Marrazo haren gertutasunaren berri izan balute ere, hala behar luke, marrazo gajo hark, zoritxarrez, ez baitu haragia maite, eta are gutxiago gurea bezalako espezie eskas batena baldin bada.

Marrazoek gainera, digestio konplexua dute. Hagin zorrotzak, soilik harrapakina ehizatzeko erabiltzen dituzte eta janaria bi eguneko epean izaten dute sabelean.

Beraz, jatera doana zer den aurrez ongi aukeratu behar duela pentsa daiteke, nahiz eta «digestioa egitera» behartuko duten gurasoen agindurik bete beharrik ez daukan.

Haur nintzela digestioa egiteko hondartzan pasatu behar genituen bi ordu sufriezinak ditut gogoan. Egia esan, ez genuen digestiorik egiten, ez baikinen geldirik egoten. Denbora pasatzeko hondarretan zuloa egiten hasi eta bost minuturo «ama zenbat falta da?» galdetzen genuen.

Beti zegoen kuadrillan pixka bat lehenago bazkaldu zuen norbait, gu baino lehenago itsasoratuko zela harro esaten zigun lagun arerioa. Alferrikako digestio hura egin beharra sufriezina zen. Askotan, nahiz eta bertan bihotzekoak emanda geratu, itsasoratzeak merezi zuela pentsatzen nuen.

Albistea azkar zabaldu zen herrian, eta jendea eskuak burura eraman eta ohiko gauza zentzudunak esaten hasi zen; «sorosleek akabatu beharko dute ba?», «ni ez noa uretara, eta hozka egiten badit?», «nik ikusi nuen, ukitu ere egin nuen, eta begi bat kliskatu zidan. Oso sinpatikoa zirudien», «marrazo zuriaren familiakoa omen da», «berez algak eta antzekoak jaten omen ditu, baina baita zazpi urteko haurrak ere»,...

Marrazoa norbaiti hozka egiten imajinatu nuen. Ezin nion irribarreari eutsi, azken finean gizakia naiz, besteen zoritxarrekin gozaten dut. Haien hiletak ere irudikatu nituen. Arrantzale bat jan balu, «itsasoa maite zuen», esango lukete. Enpresaria balitz, «langilea zen», esango luke apaizak. Eta apaiza bera balitz, «haurrak maite zituen», esango genuke. «Kirola maite zuen», drogazalea balitz. «Beti egia esaten zuen», irentsitakoa mozkorti bat balitz. «Aita paregabea zen», polizia balitz. «Beti ikasten ari zen», irakasleari. Eta, «bazuen beti egitekorik», langabea bazen.

Zer esango ote lukete marrazoaren hortzek surfa besterik egiten ez duen morroi horietako bat garbituko balute? «Maite zuen hori egiten hil zen»? «Marrazoak itsas txakur bat zelakoan eraso zion»? «Merezita zeukan»?

Auskalo! Marrazoak, ordea, gizakiok ez bezala, badaki, zer jan, ongi aukeratzen du, bazkalosteko digestiorik egin behar ez dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo