GARA > Idatzia > Euskal Herria

Olatzagutian FCCk hondakinak erretzeko asmoa duela salatuko dute larunbatean

p012_f02.jpg

GARA | IRUÑEA

Porlanaren ekoizpenaren beherakadaren ondorioz, FCC multinazionalak, «negozioak agintzen» duenez, Olatzagutiko Cementos Portland lantegian hondakinak kudeatzearen alde apustua egin duela eta hori ezkutatzen ari dela salatu dute 3 Mugak Batera plataforman.

Gogorarazi dute, halaber, «Nafarroako Hondakin Planaren arabera, hondakinak erretzeko instalaziorik egokiena den Tafallaldeko balioztatze planta» baztertu duela enpresa handi honek, eta horren lekuan, Olatzagutiko lantegian bertan hondakinak erre ahal izateko baimenak eskuratzen hasi dela. «Bide horretan, dagoeneko eskatu du 20.000 tona zabor eta beste 16.500 tona lohi, plastiko, pneumatiko eta abar erretzea, eta horretarako baimen berria behar du», adierazi zuten agerraldian.

Inguruko udalen gehiengoak eta mankomunitateek jarduera hori Sakanan burutzea baztertu dute, euren aburuz osasunerako txarra izateaz gainera, beste garapen eredu batzuen kalterako izango delako praktika hau.

Gainera, Nafarroako beste eskualde batzuetako gero eta udal gehiagok, Tafallak eta Atarrabiak kasu, errefusatu dute dagoeneko jarduera hori Olatzagutiko porlan lantegian aurrera eramatea.

Enpresak adierazi zuen inguruko herrien borondatearen aurkakorik ez zuela egingo, baina bere proiektua udalaz gaindikoa izendatzeko eskatu du, eta Yolanda Barcinaren Nafarroako Gobernuak eman egin dio. «Legedia berezi hau maltzurki erabiliz -iritzi zioten plataformakoek-, sekula beste inongo porlandegi bati baimenik emateko erabili ez den moduan, Olaztiko Udalaren parte-hartzea saihestu dute, honen araudien arabera horrelako jarduera bat burutzea ezinezkoa delako».

Udal autonomiari eta herritarren borondateari egindako erasoaldia dela iritziz, «jokaldia hau zuritzeko» sinatu den hitzarmenak dio FCCk hondakinak kudeatzean Nafarroatik datozenei «lehentasuna» emango diela.

Jarrera onartezina dela ohartarazita, kaleko erantzuna ezinbestekotzat jo dute, mobilizazioaren bidez proiektuari ezezkoa eman eta udalen borondatea gailen dadin.

Hala, larunbatean, manifestaldira deitu du 3 Mugak Batera plataformak. Protesta 19.00etan abiatuko da Olatzagutiko plazatik, «Errausketarik ez» lelopean.

Hainbat udalek eman diote ezezkoa porlan lantegian hondakinak erretzeari, besteak beste, Altsasu, Etxalar, Eulate, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Otsagi, Atarrabia eta Arantzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo