Harri-jasotzea | Txintxarri saria
Aimar Irigoienek aldea markatzen jarraitzen du
Ez zen ezusterik izan, eta faboritoek irabazi zuten atzo Alegian jokatu zen Txintxarri sariketa. Aimar Irigoien eta Izeta III.a ziren harriak jasotzen, eta Josune Gorostidi eta Lurdes Intxausti, berriz, trontzan aritu zirenak. Beste aldean, Izeta II.a eta Izeta IV.a ziren harriak jasotzen, eta Itziar Nuñez eta Ana Lopez trontzan. Harri-jasotzaileek lau harri ezberdin erabili zituzten, eta bakoitzaren amaieran trontzalariek sei epai eman behar zizkioten 45 ontzako enborrari.
125 kiloko zilindro kopa izan zen erabili zuten lehena, eta amaieran txapela jantziko zuen taldeak lortu zuen garaipena, lan ederra egin ostean. Aipaturiko harriari 50 jasoaldi eman behar izan zizkioten, eta trontzalariek sei epai eman. Lehen lana egiten 5 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten. B taldeak, berriz, Izeta II.ak, Izeta IV.ak, Nuñezek eta Lopezek osatutako taldeak, alegia, 6 minutu eta 12 segundo.
Ondoren, 100 kiloko zilindro zaharrari 60 jasoaldi eman behar zizkioten, eta jarraian trontzalariek egin behar zuten lana, hauek beti bera. Oraingoan B taldea izan zen onena, lan guztiak 6 minutu eta 59 segundoan amaitu baitzituzten, eta A taldekoek, berriz, hamar segundo gehiago behar izan zituzten. Hala ere, A taldeak aurretik jarraitzen zuen.
Hirugarren lanean, trontzalariek berdin jarraitu zuten, eta harri-jasotzaileek, berriz, 40 jasoaldi eman behar zizkioten 112,5 kiloko harri kubikoari. A taldea izan zen onena, 6 minutu eta 12 segundoan lanak burutuz. Aurkariek 45 segundo gehiago behar izan zituzten.
Azkenik, harri-jasotzaileek 100 kiloko bola izan zuten lanerako, eta horri 50 jasoaldi eman behar zizkioten. Berriro ere A taldea izan zen onena harri-jasotzaileek eta trontzalariek euren lanak amaitu zituztenean. 6 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten egin beharrak egiteko, eta B taldekoek, berriz, 41 segundo gehiago eman zituzten.
Gauzak horrela, A taldea osatu zuten Irigoien, Izeta III.a, Intxausti eta Gorostidi izan ziren onenak. Lan guztiak egiten 25 minutu eta 29 segundo eman zituzten. B taldekoek, berriz, Izeta II.ak, Izeta IV.ak, Nuñezek eta Lopezek, alegia, 27 minutu eta 10 segundo eman zituzten.
Lasto-altxatzen
Euskal Herriko lasto-altxatze Txapelketa ere jokatu zen atzo Alegian, eta Lapazaranek irabazi zuen 21 jasoaldirekin. Agirreurretak eta Ardeok osatu zuten podiuma. Finala oso polita izan zen, emozioz beterikoa.