Udate
Txosnak eta kuadrillak, gizarte ehunaren isla
Alvaro HILARIO | ZORNOTZA
Kuadrillak eta txosnak ditugu Zornotzako bizitzaren isla, baita Karmengo jaietako ezinbesteko osagaiak ere. Aurten txosnagune berri bat dago, eta guztira bi dira txosnaguneak: bata, Landatxon, marmoldegia egon zen lekuan; bestea, Plaza Gorrian. Landatxo gunean uztailaren 14tik 21era egongo dira txosnak zabalik; 15etik 21era, bestean. Dena dela, erosotasun arrazoiak direla-eta, iaz baino txosna gutxiago dugu aurten: zazpi, hain zuzen.
Txosna Batzordeak hainbat ekitaldi antolatuta ditu. Kuadrillek egindako ekarpena, berriz, beraien arteko jolasek eta bazkariek osatuta dator. Gure artean ez daudenak, alegia, herriko presoak ere gogoan izango dituzte Zornotzan.
Txosnagune berria
Zornotzako txosnek gune berria daukate aurten. Iaz, Nafarroa kaleko aparkaleku batean izan ziren, herriko mutur batean. Txosna Batzordearen aburuz, hura ez zen leku aproposa: erdialdetik urrun, ia jaietatik kanpo, kokaleku zaharra «ghetto» bihurtu zen. Hortaz, Udalak eta Txosna Batzordeak txosnak ere jai giro betean izan daitezen toki berria adostu dute: Landatxo kale ondoan marmoldegi zaharrak utzitakoa.
Aurrekoa baino txikiagoa denez gero, iaz baino txosna gutxiago egongo da: bost dira herriko zazpi elkartek ipinitako txosnak. Batean, Zornotzako hiru autozale taldeak elkartuko dira; beste bat izango dute motorzaleek; gazteek ere beraiena edukiko dute; txosna bana izango dute, bestalde, presoen aldeko Sustraiak izenekoak eta euskararen aldeko mugimenduak (Euskal Herrian Euskaraz, besteak beste) batzen dituenak.
Txosna hauek guztiak Udalak ipinitako karpa erraldoi batek estalita eta babestuta egongo dira. Denon gogoan dago iazko eguraldi kaxkarra.
Bertan, Udalak eta Txosna Batzordeak prestatutako kontzertuak eta beste zenbait gauza izango dira:
- Uztailaren 19an: arratsaldean, Lokaleroak topaketa: Smokin Hill, Herri Ohiua, Uxue Berdin, Belako eta Zirkinik bez.
- Uztailaren 20an: 121 Krew, Lion Site + Novato.
- Uztailaren 21ean: Nik Khaos eta Honat.
Plaza Gorrian beste lau txosna izango direla ere kontuan izan behar dugu. Horiek ez dute Txosna Batzordekoek duten egutegi bera: uztailaren 15ean zabalduko dituzte ateak, 17an ixteko. Txosnak honako hauek dira: Zornotzako Andra Mari Ikastola, Sociedad Deportiva Amorebieta futbol taldea, Zornotzako saskibaloi taldea eta Belatxikieta kultur elkartea.
Plaza Gorriko gune honek patxadaz egoteko leku aproposa eskaintzen die zornotzarrei, mokaduren bat hartzeko mahaiak eta aulkiak egoten dira-eta.
Herriko kuadrillak
Ibilbide luzea dauka herriko kuadrillek antolatzen duten jai egitarau bereziak ere, gazteen parte-hartzea bultzatzea helburu izan ohi duena. Bolada batez, Ipurtargi, Zornotzako Gazte Batzarra, izan zen arlo hau dinamizatzeko ardura zeukan taldea. Urteak pasa ahala, gauzak aldatu dira eta ardura denen artean banatu dute. Izan ere, egun desagertuta dagoen Ipurtargiren espiritua eta lekukoa gazte kuadrilla guztiek dute hartuta.
Aldaketa hau pozgarria izan da oso, gazteek Karmengo jaiekiko atxikipena nabarmentzen duelako, alde batetik; bestetik, jaiak antzinako giro parte-hartzailea hartzen ari diren seinale delako.
Oparoa aurten kuadrillek prestatu duten egitarau berezia; zehazki honako hauek izango dira ekitaldiak:
- Uztailaren 17an: 18.30ean, txosnetan, kuadrillen arteko txapelketa. 21.00etan, kuadrillen arteko play back lehiaketa
- Uztailaren 18an: 17.00etan, Gure Kirolak bolatokian, kuadrillen arteko bolo txapelketa.
- Uztailaren 20an: Egun osoan zehar, txosnetan, Kuadrillen Eguna; kuadrillen bazkari herrikoia eta ekintza ezberdinak.
- Uztailaren 21ean: Zubiondo parkean, goizean, marmitako lehiaketa.
- Uztailaren 23an: 18.30ean, Ibaizabal ibaian, kuadrillen arteko piragua jaitsiera.
- Uztailaren 25ean: 18.30ean, Zelaieta parkean, kuadrillen arteko herri kirolak.
- Uztailaren 27an: 19.30ean, XIII. Kuadrillen mozorro lehiaketa; Markeliñe talde zornotzarraren «Zoozoom» ikuskizuna, animalien parte-hartzearekin. 20.30ean, Herriko Plazan, mozorro lehiaketaren sari banaketa.
Motorrak berotuta dagoeneko
Jaiak ofizialki atzo hasi baziren ere, zornotzarrak duela egun pare bi hasi zirela motorrak berotzen. Txosnen muntaketa hain denez nekosoa, atarramendu ona ateratzeko kuadrillakoek zein txosna batzordekoek lehenago ekin zioten jaiari. Horrela, herriko rock taldeek kontzertua jo zuten herenegun, eta kuadrillakoek eginda dute beraien arteko Zornotzako I. Milia.