Udate
Konpartsero Egunaren atarian, Azkunaren «egoaren neurriko» zaldi-estatua eskatu dute
Nerea GOTI | BILBO
Bilboko konpartsek eskaera berezi bat erregistratu dute Udalean; hain zuzen, Iñaki Azkuna alkatearen «egoaren neurriko» zaldi-estatua bat eraikitzea Ernesto Erkoreka plazan bertan, «urre trinkozkoa» eta gutxienez 40 metrokoa, «ofizialki `munduko alkaterik onena' izendatzeko zabaldutako kanpainarekin» bat eginez.
Aurrerantzean, Azkuna «Su Alteza Municipal SAM» izendatzea ere proposatu dute «gizateria osoaren esker ona» adierazteko, «eredugarria bezain apala formetan, isila eta zuhurra, inoiz mundu eta unibertsoaren historiak ezagutu ez duenaren parekoa» izateagatik.
Era horretan, satira itxura eman zioten konpartsek agerraldiari Jaietako Batzorde Mistoaren ereduaren aurrean Azkunak egiten duen politikari kritika egin zioten eta Aste Nagusiaren inguruan egiten dituzten proposamenekiko erakusten duen jarrera gaitzetsi zuten.
Larunbaterako, jai deialdia
Aste Nagusia gero eta hurbilago dago, eta konpartsak motorrak berotzen hasiko dira. Larunbatean bertan Konpartsero Eguna ospatuko dute. Dagoeneko prest dute egun osoko egitaraua Areatzan. Goizetik hasita, puzgarriak eta umeentzako tailerrak iragarri dituzte, jarraian txistorra eta piper-jana eskainiko dute eta eguerdian pintxo lehiaketa jarriko dute martxan. Oinarriak web orrialdean daude jada.
Bazkariaren ostean, erromeriak eutsiko dio parranda giroari eta, 19.30ean, Orkestrarekin kalejira izango da.