GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jendea haserrearaztea baino ez dute lortzen

Espainiar eskuinaren erreferentziazko egunkari baten «informazioari» helduta, UPN alderdiak akusazio larriak egin zituen atzo Maiorga Ramirez Nafarroako EAko buru eta Bilduko parlamentariaren aurka. Parranda giroan, garagardoa eskutan eta ukabila gora sinadurarik gabeko argazki batean agertzea nahikoa omen da, Yolanda Barcinak zuzentzen duen alderdiaren jomugan jartzeko. Kazetari batzuek Euskal Herriari buruz idazten edo hitz egiten dutenean erakusten duten profesionaltasun falta ezaguna da, baina ordezkari politikoei seriotasun handiagoa eskatzea ez dago soberan. Izan ere, ardurak eskatzekotan, UPNk hobe luke bere buruari begiratzea, lotsagarria eta salagarria baita Iruñeko Udaleko arduradunek igande goizean jaiaren azken printzez gozatu nahi zutenen kontra agertutako jarrera. Poliziaren oldarraldiak lau atxilotu, hainbat zauritu eta ezin sinetsizko izu egoera eragin zuen Alde Zaharrean, eta, gainera, haien jarrera agerian geratu da sarean azkar zabaldu den bideo bati esker. Bideo horrek, Polizia espainola zer den eta gurean zertarako dagoen bikain islatzen du.

Nafarroako Gobernuan gutxiengoan eta etorkizun gutxi duela, UPNk ke lainoa zabaldu nahi du bere kudeaketa penagarria estaltzeko, baina jaietan zein jaietatik kanpo, herria haserrearaztea baino ez du lortzen alderdi horrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo