GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Euskaraz, inork ulertuko ez duelakoan

Ez naiz ni hara eta hona bakarrik ibiltzea gustatzen zaion horietakoa; nahiago beti alboan lagunak hartuta. Badira, ordea, noizean behin bakardadean gozatu behar diren bi toki niretzat: mendia eta hondartza. Mendia, haren handitasunak burua askatzen duelako eta askatu aldi horietan patxadan pentsatzeko, hobe bakarrik. Hondartza, berriz, lotarako da ederra, eguzkiak hezurrak berotzen dituen bitartean lo susta ederrak egiten ditut nik, lehenengo buruz behera eta gero gora. Horretan nengoela etzan zitzaizkidan bi pertsona aldamenean lehengo egun batean. Saiatuta ere ezin nuen lorik hartu ondoren; haien hizketaldiak era batean harrapatu zuen-eta nire arreta. Haiek, antza, bakarrik ez, mutil artean nahiago dute hondartzara joan, batera eta bestera begira lasaiago aritzen omen dira eta. Burua altxa eta disimuluan begiratu nien, zein eta batez ere nolakoak ziren jakin nahian. Bi mutil gazte.

Serio eta esandakoak argudiatu nahian zebiltzan. Neska lagunarekin hondartzara joaten direnean ezin omen dute «kottaduek» nahi bezala alboan dituzten neskei begiratu, «disimuluan» aritu behar izaten omen dute. Aldamenean atzerritar taldea zuten eta haien ondoan etzateari ere abantailak baino ez zizkioten ikusten. Haien inguruan lasai asko hitz egin zezaken-eta euskaraz, haiek ezer ulertu gabe. Bada, han zebiltzan biak gainerako guztiak ere atzerritarrak bagina bezala, bati begiratu eta ondoren besteari. Ni ezin lorik hartuta, maiz egon naiz askoz ere telebista programa aspergarriagoak entzuten.

Halako batean laguna etorri zen, neska, eta orduan bukatu ziren bi gazteen kontuak, betiko gaiei heldu zieten. Luze egon gabe utzi zuten hondartza eta orduan konturatu nintzen alboan eurek uste baino euskaldun gehiago zituztela, nire antzera batek baino gehiagok altxa baitzuten burua, bi gazteei azken begirada emateko. Etxetik hurbil zebiltzan, baina nire artean pentsatu nuen ea zer ez ote duten egingo oporretan kilometro batzuk urruntzen direnean bi gazte hauek. Zeini ez zaio pasa, izan ere, etxetik urrutiratu, inork ulertuko ez zaituela pentsatu eta lasai ederrean euskaraz hizketan ari zarela aldamenenekoak ere primeran ulertzen zaituela konturatu? Niri bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo