GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara zinegotzia

Euskaraz bizi eta eraiki Donostia

Donostia euskararen hiria bilakatzeko bidean gara, eta euskarazko etorkizunaren alde apustu egiten dugu; euskaraz bizitzeko aukera izango duguna, alegia

Euskal Herriko kaleetan euskararen erabilera zenbatekoa den jakin dugu berriki. Ezinbesteko ariketa da mota honetako ikerketen emaitzak arretaz jarraitzea, gure hizkuntzaren egoerarekiko zehatzak izan nahi badugu. Sarritan, datuek justifikatu gabeko baikortasunak edo aurreiritzietan oinarritutako analisiak saihesten laguntzen digute.

Donostiako kaleetan, ehun solasalditik hamasei dira euskaraz 2011n egindako ikerketaren arabera. 2006ko datuak ikusita, erabilerak behera egin duela ikusten da gainera, 2001eko mailan kokatzeraino. 1989tik gaur egunera arteko bilakaerari begiratuta, aldiz, gaur orduan baino euskara gehiago entzun litekeela dakigu.

Ez dira berri pozgarriak. Azkenaldian, kaleetako euskararen erabilerak beheranzko joera hartu du. 80ko hamarkada- tik hona, gorakada gertatu den arren, ez da batzuk espero eta desio dugun erritmoan gertatu. Zapaldua eta jazarria izan den hizkuntzaren egoerari buelta ematea ez da lan erraza. Herritarren ahalegina eta hizkuntza-politika burujabe eta ausarta eskatzen du eta urteetan luzatuko den prozesua izango da.

Baina donostiarrok, behin eta berriz frogatu dugu zein den gure nahia.

Errepresio eta debeku garaietan etxeko goxotasunean gorde behar izan genuena kalera atera eta munduari erakutsi nahi diogu. Donostia euskararen hiria bilakatzeko bidean gara, eta euskarazko etorkizunaren alde apustu egiten dugu; euskaraz bizitzeko aukera izango duguna, alegia; herritar guztiok gure hizkuntza erabiltzeko aukera guztiak izango ditugun etorkizuna.

Gure gizartea, eta gure hiria, bere burua eraldatzen ari da. Justizia soziala, emakume eta gizonen arteko parekidetasun edo iraunkortasunarekin gertatzen den bezala, euskararen garapena egunerokoan lantzen den helburua da. Bidea luzea dela jakinik, egunero aurrerapausoak ematea eskatzen duten helburuak dira, etorkizuneko Donostia eraikiko dutenak.

Helburu eta bide horietan diharduen orok lankide izango du Donostiako Udala. Udal Gobernuak ahal duen guztia jarri nahi du Donostiak bere burua eralda dezan. Hiri euskaldunago batera iristeko borondatez lan egiteko konpromisoa hartua dugu herritarrekin eta horretan gabiltza. Udalaren funtzionamendua bera euskalduntzen dihardugu Euskara Zerbitzua Udalean txertatuz, euskara lan hizkuntza bilakatuz eta hainbat plan martxan jarriz, besteak beste. Donostiarrei egun ezinezkoa zaien egoeratan euskaraz bizitzeko aukerak zabaldu nahi dizkiegu, esate baterako euskara ikasteko baldintzak hobetuz, euskararen erabilerarako bitartekoak eskainiz, kultur eskaintza berritzearen bidez edo hedabide euskaldunak lagunduz, justu beste erakunde batzuk kontrako bidea egiten ari direnean. Eta herri mugimenduekin elkarlanean dihardugu gure hizkuntza sustatzeko asmoa duten ekimenen bidez.

Inplikatu gaitezen aldarrikapenean eta sorkuntzan. Ikusarazi dezagun nortasuna ematen digun euskara; ikasiz eta erabiliz. Eraiki dezagun elkarrekiko begirunean eta garenarekiko harro biziko den hiria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo