harri-zulatzea Euskal Herriko Liga
Trapagaranek txapela lortzeko dituen aukerak agerian utzi zituen Barakaldon
J.L.
Trapagarenek irabazi zuen herenegun Barakaldon jokatu zen Euskal Herriko Ligako zazpigarren jardunaldia. Garaipena, gainera, erabateko nagusitasunarekin lortu zuten, zulo bat pasako tartea kendu baitzion bigarren postuan sailkatu zen Ortuellako Burdin Gazteak taldeari.
Trapagarenek 14 zulo eta 12,5 zentimetro egin zituen zazpigarren jardunaldiko saioan. Burdin Gazteak taldeko zulatzaileak ere saiatu ziren faboritoei eusten, eta lan erdietara bitarte lortu baldin bazuten ere, azkenean 13 zulo eta 7,6 zentimetrorekin konformatu behar izan zuten.
Hortik atzera, aldeak nabarmenak izan ziren. Gallarta sailkatu zen hirugarren postuan 12 zulo eta 10,8 zentimetroko marka eginda. Laugarren postuan, Errekatxo sailkatu zen, eta honek 11 zulo eta 11,8 zentimetro egin zituen, eta azkena, Las Karreras geratu zen, eta honen marka 10 zulo eta 9,2 zentimetrokoa izan zen, irabazlearengandik oso aparte.
Egun, Gallarta dago sailkapen nagusiko lehen postuan, 66 punturekin. Bigarren, Kabiezes dago, 55 punturekin; hirugarren, Burdin Gazteak, 52rekin; laugarren, Errekatxo, 52rekin; bosgarren, Trapagaran, 51ekin; seigarren, Las Karreras, 43rekin; eta azken lekuan, KZ Kolpeka, neskek osatutako taldea, 21ekin.
Trapagaren, Las Karreras eta KZ Kolpeka taldeek gainerakoak baino jardunaldi bat gutxiago egin dute. Hurrengo jardunaldia Algortan jokatuko da urtarrilaren 31n.