Udate
Pete Dohertyk umezurtz utzi du Biarritzeko Big Festival
Pete Doherty ez da Biarritzera etorriko. Horrela jakinarazi die bere managerrak Big Festivaleko antolatzaileei. Kontzertua ostiralerako iragarria zen eta plater azkarrenetakoa zen. Abeslari britainiarrak mediku tratamendua jasotzen ari delako utzi du bertan behera engaiamendua.
KAZETA-GARA | DONOSTIA
Big Festivalek kontzertu garrantzitsu bat galdu du: Pete Doherty abeslari britainiarra, mediku tratamendua jasotzen ari dela-eta, ezingo da Biarritzera etorri. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek azaldu zutenez, bihartik igandera hiriko gune ezberdinetan egingo den festibalak baditu beste erakargarritasun anitz: Joe La Reina, Izia, Berri Txarrak, M83, De La Soul, King Charles, Skip The Use, Stuck In The Sound, Fuel Fandango, Joey Starr, Garamendi, Sebastien Tellier... Musika estilo eta jatorri hagitz ezberdineko artistek hartuko dute parte Big Festivaleko laugarren edizioan.
Iaz 16.000 pertsona elkartu ziren jaialdian, eta aurten 20.000 ikusle baino gehiagorentzako tokia izango dela aurreikusi dute. Agilerako estadioa, Irati erakustokia eta Atabal gaur egungo agertokiaren artean banatuko dituzte kontzertuak.
«Gero eta hobeki doa jaialdia, askoz egonkortasun handiagoa daukagu. Oreka orokorra dago programazioaren eta kokaguneen artean», adierazi zion «Kazeta»-ri Big jaialdiko zuzendari Sebastien Farranek. «Larunbatean Agileran egingo den gaualdia gure historiako garrantzitsuena izanen da», gaineratu zuen aurtengo programazioari buruz. Festibalak Bidasoaren bestaldearekin gero eta lotura estuagoa du; horren adierazle da antolakuntzako kide Iñigo Argamaniz promotore gipuzkoarra. «Joan den urtean Gipuzkoa eta Bizkaiko jende asko etorri zen, eta aurten publiko horren kopuruak gora egitea espero dugu», agertu zuen donostiarrak.
Bidasoaren bi aldeetako lurraldeen elkarlanaren erakusgarri da, halaber, Donostiak 2016an izango duen Europako Kultura Hiriburutzan Biarritzeko festibalak izango duen parte hartzea. Programazioaren parte izango dela azaldu zuen Argamanizek: «Hiriburutzarekin laguntza beharko dugu, eta Big festibala laguntza ona izanen dela uste dut. Jaialdi hau truke kultural horren adibide bikaina da».
Diskoteka
Festibalak beste gune batzuk ere eskainiko ditu musika eta bestelako ekimenez gozatzeko. Eguneko giroaz baliatu nahi dutenek hondartza ondoan antolatua izango den Herrixkan mota ezberdinetako kontzertuekin batera surf egiteko parada izango dute, esaterako. Berrikuntzetako bat gaueko ordu txikietan bestan jarraitu ahal izateko antolatuko den diskoteka izango da.
Festibaleko bonua 99 euroan eskura daiteke, eta covoiturage delakoa egiteko aukera ere bada (http://www.bigfest.fr/biarritz/infos-pratiques/?lang=EU).