Udate
Elkano Browning Cream-ek «Bohemia» disko berria aurkeztuko du The Morgan Kompanyn
GARA | DONOSTIA
Elkano Browning Creamek «Bohemia» disko berria aurkeztuko du igandean, Donostiako Alde Zaharreko Morgan Kompany jatetxean egingo duten bazkari-kontzertuan. Formatu akustikoan joko dute, bazkalostean, Dave Wilkinson (gitarra akustikoa), Franck Mantegari (perkusioa) eta Mikel Azpirozek (melodikoa) osatutako hirukoteak.
Menu goxo bat eskainiko dute 25 euroren truke, eta animatzen direnei lehenbailehen erreserba egiteko aholkatu diete, lekua mugatua baita (50 pertsona).
Mamusik zigiluarekin ateratako disko berriak zortzi abesti biltzen ditu, lehendabizikoa «Bohemia», lanari izena ematen diona. Mikel Azpirozek nahastu eta ekoitzitako disko hau orain urtebete grabatu zuten, 2011ko uztailean, Donostian. Kontrabaxua Cristian Biancok grabatu zuen Melbournen, Australian, eta Michael Fossenkemper-ek masterizatu zuen Turtle Tone Studios-en, New Yorken. Arlo artistikoaz, bestalde, Nate Williams arduratu da. «Bohemia»-ko kantu guztiak entzungai dira, http://www.elkanobrowningcream.com/eu/album3.php helbidean.
Aurretik «Elkano Browning Cream» (2006) eta «Elkano Browning Cream 2» (2010) lanak kaleratuak ditu erritmo jostagarri eta eranskorrak sortzen trebezia duen talde honek. Groove bitxi eta melodia dotore eta sofistikatuez osatutako bildumak dira.