GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elebidunen kopurua hazi den arren, erabilerak behera egin du azken hogei urteotan

V. Inkesta Soziolinguistikoak dioenez, Euskal Herrian 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude. Bestalde, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak gehiago badira ere, gizarte osoa aintzat hartuta, elebidunek gutxiago erabiltzen dute euskara.

p013_f02_149x097.jpg

Jon ADAN | GASTEIZ

Euskararen kaleko erabilera «trabatuta» dagoela eta gorago egiteko zailtasunak dituela aipatu zuen Soziolinguistika Klusterrak, uztailaren 6an aurkeztutako Hizkuntzen Kale Erabileraren VI. Neurketan; 1989az geroztik, 2,5 puntu egin duela gora, baina 1997tik hona ez duela %13ko ehunekoa gainditu. Gauzak horrela, atzo aurkeztutako Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoak ere horiek berresten ditu, alegia, gizartean oro har nabarmen hazi dela euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dutela 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara.

Inkestaren berri eman zuten atzo Donostian, Lakuako Gobernuaren egoitzan, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Ivan Igartuak, Nafarroako Euskararen Institutu Euskarabideko zuzendari-gerente Maximino Gomezek, Ipar-Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maitiak eta Euskaltzaindiko Iker sailburu Andoni Sagarnak.

V. Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan eta euskararekiko jarrera.

Euskararen testuinguru zaila

Inkestaren emaitzen arabera, hiztun asko, batez ere gazteak, euskaldun berriak dira. 2011n, 16 eta 24 urte arteko elebidunen %52 euskaldun berriak ziren EAEn; %38,6, Iparraldean; eta %54, Nafarroan. 1991n, aldiz, euskaldun berriak elebidunen %14 ziren EAEn; %9, Iparraldean; eta %16, Nafarroan. Elebidunetatik erdiak, gainera, gune erdaldunetan bizi dira; gehienak nagusiki gaztelaniaz edo frantsesez diharduten harreman-sare zabaletan bizi dira eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.

Euskararen ezagutzak ez ezik, erabilerak ere gora egin du, baina batez ere «eremu formaletan». Lurdes Auzmendik zehaztu zuenez, gazteen artean gero eta nabarmenagoa da euskararen erabileran gertatzen ari den hazkundea. Hala, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira, batez ere EAEn.

Elebidunen erabilerari erreparatuta, ordea, elebidun kopurua hazi arren, euskararen erabilera 1991n baino txikiagoa da egun. «Gizartean, oro har, euskararen erabilera nabarmen hazi bada ere, gaur egun elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara», azaldu zuen.

Gero eta elebidun gehiago

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aditzera eman zuenez, «hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n -%27 dira gaur egun-. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da, eta neurri txikiagoan Iparraldean».

Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldunak orain dela 20 urte baino 140.239 gutxiago dira Euskal Herrian (%70 1991n eta %58,4 2011n). Erdaldunen ehunekoak behera egin du Hego-Euskal Herrian. Iparraldean, aldiz, gora egin dute bai kopuruak baita ehunekoak ere. Hamasei urte edo gehiagoko biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa ere handiagoa da.

Azterketak dioenez, azken hogei urteotan elebidun hartzaileak (ondo ulertzeko edo irakurtzeko gai direnak) bikoiztu egin dira Euskal Herrian: %14,7 dira gaur egun eta %7,7 ziren 1991n. Hazkunderik handiena Hegoaldean gertatu da eta neurri txikiagoan Iparraldean. Gaur egun, guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da Hegoaldean (%97 EAE, %95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (%87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (%71 EAEn, %67 Nafarroan eta %56 Iparraldean).

Inkestak Euskal Herriko hamasei urte edo gehiagoko biztanleak hartu zituen aintzat -2.650.000 pertsona gutxi gorabehera-.Guztira, bosgarren saio honetan 7.800 inkesta egin dituzte: 4.100 EAEn, 2.000 Iparraldean eta 1.700 Nafarroan.

DATU POSITIBOA

Joan den urteko datuen arabera, 16 eta 24 urte arteko elebidunen %52 euskaldun berriak dira EAEn, %38,6 Iparraldean eta %54 Nafarroan. 1991n, aldiz, EAEn elebidunen %14 ziren, %9 Iparraldean eta %16 Nafarroan.

OZTOPO ASKO

Elebidun gehienak nagusiki gaztelaniaz edo frantsesez diharduten harreman-sare zabaletan bizi dira eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo