ZERUA eta INFERNUA
«Tokion merke eta gozo jan daiteke, baina sardexkarik gabe, noski»
Aktorea
Irratian ibilitakoa da Ane Zabala. Horren ondoren, lankide zuen Galder Perezen eskutik antzerkiari denbora gehiago eskaintzea erabaki zuen eta Gilkitxaro antzerki taldea sortu zuten elkarrekin. Egun, aktore lana Hamaika Telebistako kazetari lanarekin tartekatzen du.
Ane ARRUTI | BILBO
Ane Zabala eta Galder Perez. Galder Perez eta Ane Zabala. Zaila egiten zaigu jada aktore bikote hau elkarrekin ez den beste modu batera irudikatzea, hainbeste urtez elkarrekin lan egin ostean. Esku artean duten antzezlanak «8 begi» du izena. Zortzi begi izango al ditu Zabalak munduari so egiteko?
Aukeratu leku bat munduan!
Tokio da nire aukera. Edozein plan egin daiteke bertan, hiriak denetariko aukerak eskaintzen ditu, museo zein tenplu, parke, karaoke...
Kokyo Higashi Gyoen eta beste parke batzuk bisitatu daitezke. Parkeak ederrak dira, baina deigarriena soinuak dira, intsektuen oihu eta kantuak dira leku hauetan gehien entzuten direnak, etxe orratzez inguratuta egon arren.
Ginza auzoa ere bisitatu daiteke (Tokioko Manhattan). Kale gutxi batzuk zeharkatuta Fith Avenuen zaudela dirudi, komertzioak, eraikinak eta jendea direla-eta. Tokion ere ezaguna da oso metroa, lur azpiko bigarren mundua. Bertan izerdi patsetan bizi dira japoniarrak.
Tokiori buruz jakin beharrekorik kontatuko al diguzu?
Jakina da Tokion kaleetan ezin dela tabakoa erre. Baina argitu dezagun kontua. Oinez zoazen bitartean ezin duzu erre eta geldi, ordea, bai. Gustu txarrekoa omen da. Erretzeko bazter erreserbatuak daude, hautsontzi eta guzti.
Janariari dagokionez, miniatura eta irudiekin aukera dezakezu; edariarekin hanka sartu eta garagardoaren ordez sakea atera ahal dizute, izotzarekin, gaitz erdi. Baina kalean merke jan daiteke eta gozo. Hori bai, ez duzu sardexkarik ikusiko inon.
Antzerkiak eman al dizu bidaiatzeko aukera?
Bai, antzerkiari esker Euskal Herriko txoko asko ezagutu ditugu. Gure herriaz disfrutatzeko beste modu bat da. Jendea ezagutu, hango eta hemengo ikusleak, lekuak... Atzerrira, egia esan, gutxi joan gara.
Lortzen duzu guztiz deskonektatzea edo etxeko berriei adi egoten den horietakoa zara?
Sasoiak eta bidaiak daude, baina ahalegina egiten dut deskonektatzeko eta nagoen lekuaz gozatzeko, nahiz eta Internet eskura izanez gero, beti egunkarietara jotzen dudan gurean zer gertatzen den irakurtzeko.