GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

«Fair play»

Azkenaldian, bolo-bolo dabil fair play hitza kazetari, txirrindulari eta zaleen artean. Ingelesezko fair playk «joko garbia» ala «joko justua» esan nahi du. Txirrindularitza, nire aburuz behintzat, ezagutzen dudan kirolik leialena ez bada leialenetariko bat da. Noiz ikusi dugu Bartzelonako masajista Madrilgo jokalari bati ura ematen? Noiz beste kirol batean talde bateko sendagile edo osteopata aurkarien taldeko kirolari bat tratatzen eroritakoan ala gaixo egonda?

Askotan ikusiko zenuten, gure autoa bertan ez bada, edozein taldek gurpila, ura edo dena delakoa ematen digula. Txirrindularitzan, beste ezer ez dakit, baina leialtasunez eta joko garbiz gainezka gabiltza. Baina argi dago, denari hartu behar zaiola neurria! Atzo, norbaitek nire Twitter kontuan galdetzen zidan ea Luislek ondo egin zuen Sagan gel bat hartzen ari zela erasotzen???? Akabo! Hemendik aurrera, eraso egin aurretik, epaileari baimena eskatu beharko diogu bestela!!

Hau lasterketa eta konpetizioa da, eta ez lagun arteko irteera bat. Gauza bat idatzirik ez dauden gure «kode etiko» horretako arauak dira. Liderra eta tropela pixa egiten ari direnean ez erasotzea, lasterketaren bukaeran ez den bitartean, eroriko handi bat denean gelditzea... eta era horretako arauak. Eta oso bestelakoa da norbaitek matxuraren bat duelako lasterketa guztiz gelditzea. Matxurak ere kirol honen parte dira.

Norbaiti gurpila zulatzen bazaio eta tropela 40 km/h-ko abiaduran badoa, beti martxa horretan segi behar lukeela uste dut. Ez litzateke zuzena norbaitek matxura izan duela-eta denok topera tiran jartzea, ezta, ordea, 20 km/h-ra jaitsi eta lasterketa guztiz gelditzea ere. Halere, oso ezberdina da Luislek irabazi zuen etapan gertatu zena. Egiteko hoberik ez zuten artaburu batzuek iltzeak bota zituzten portuaren igoeran, eta ondorioz tropel erdiari zulatu zitzaizkion gurpilak.

Zulatzeaz gain, maldan behera gurpilean iltze bat izateak dakarren arriskuaren ondorioz Astanako Kiserlovskik lepa-uztaia apurtu eta etxerako bidea hartu zuen «iluminatu» horiei esker.

Horregatik guztiz egokia ikusten dut, tropel osoarentzako arriskua denean, abiadura murriztu, eta denontzako ona den erabaki bat hartzea. Evansi bakarrik zulatu izan balitzaio, ba zorte txarra eta kitto!!, baina gertatu zena gertatuta, nik uste gizalegez jokatu zutela aurreko multzoan zihoazen txirrindulariek.

Beste behin, horrenbeste maite dudan kirol honek erakutsi digu badituela horrenbeste «engantxatzen» eta gustatzen zaizkigun balio eta printzipioak. Utz ditzagun dopin kontuak eta horrelakoak alde batera, eta eman diezagun garrantzia txirrindularitzak dituen balioei, hau da, sakrifizioa, leialtasuna, diziplina, talde-lana eta beste milaka laudorio.

Fair izan dadin, hau da, justua izan dadin, txirrindularien playari, alegia, errepideko lanari buruz mintzatu behar da; zeren zerbait justua ez bada, kirol honek azken urteotan izan duen «desprestigioa» da. Denok gara pixka bat horren errudun eta denoi dagokigu kirol honi behar duen distira bueltatzea.

Goza dezagun, ba, jokoaz eta ikuskizunaz. Goza dezagun gure kirolaz, txirrindularitzaz!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo