JOERAK
Ezagutu Bilbo uretatik
Jonebati ZABALA | BILBO
Bilboko errekak zikin ospea izan du betidanik. Izan ere, XX. mendearen erdialdera arte, hirian sortutako hondakinak zein industriak sortutakoak isurtzen ziren bertara, eta ondorioz, ura guztiz kutsatuta zegoen. 80ko hamarkadan, berrikuntza eta saneamendu proiektuak jarri zituzten martxan.
Aldaketa handia izan du ontziolen garaiko Bilbok eta industria hiri izatetik, zerbitzu hiri izatera pasatu da. Aldaketa honetan errekak ere bizia hartu du azken urte hauetan.
Euskalduna ontziola ezaguna zegoen tokitik metro eskasera errekan hainbat jarduera antolatzen dituen enpresa txiki bat dago orain. Duela bost urte inguru sortu zen Bilbobentura, eta euren erakargarri nagusia Nerbioi ibaitik barrena ibiltzeko alokatzen dituzten piraguak dira. Hiria ikuspuntu desberdin batetik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du ekintza honek.
Duela 20 urte inguru ezinezkoa zen bertan bainua hartzea pentsatzea ere. Egun, ordea, jendea erreparorik gabe sartzen omen da uretara. Hori dio behintzat Txomin Aranbarrik, Bilbobenturako zuzendariak; «batzuei nazka pixka bat ematen die hasieran, baina gero ez dute sartzeko arazorik izaten. Hori bai, ezin dira errekako edozein lekutan bainatu, beti pantalan aldamenean izan behar da».
Piraguak alokatzeko ezinbestekoa da igeri egiten jakitea. Hori menperatuz gero, edonork egin dezake: ume txikiek euren gurasoekin, kuadrillek, adineko jendeak... Azken hauei sekulako ilusioa egiten omen die Bilboko errekan ibiltzeak.
Ohiko ibilbidea Euskalduna jauregi aldamenean dagoen Itsas Museoan piragua hartu eta udaletxeraino edo Arriagaraino joan-etorria egitea izaten da. Ibilbide luzeagoa egin nahi dutenek, San Anton zubiraino heltzeko aukera ere badute. Norberak erabakitzen du noraino joan, eta prezioak alokairuaren denbora tartearen araberakoak izaten dira.
Bilbobenturak bisita gidatuak ere eskaintzen ditu. Bilbo-Bilbo (San Anton zubiraino) eta Bilbo-Bizkaia Zubia (furgonetaz egiten da buelta), esaterako.
Ostiral gauetan, Bizkaiko hiriburua farolen argipean ikusteko, ordu eta erdi inguruko irteera gidatuak eskaintzen dituzte.
Suak errekatik
Urak eta suak bat egiten dute Bilboko Aste Nagusian. Jaietako su artifizialez beste ikuspuntu batetik gozatzeko aukera ematen du Bilbobenturak. Lehiaketarako suak egoten diren egunetan, bisita gidatuak antolatzen dituzte udaletxeraino. Bertako pantalanean piraguak lotu eta jendeak suak uretatik ikusten ditu. «Esperientzia ikusgarria da. Bolanderak alboan lehertzen dira, eta uretan sortzen den sentsazioa, piraguan nabaritzen da», dio Aranbarrik.
Beraz, hurbil zaitez bertara abuztuan. Ez galdu aukera, lekuak mugatuak dira-eta!