Saioa Iraola Urkiola eta Jone Bengoetxea Epelde Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian
Zist-zast: gure bizitzen subjektu izateko eskubidea
Kanpotik inposaturiko bidegabekeria neoliberalari ezetz sutsua eman behar zaio kalean, baina baita erakundeetan ere
Guraizeak hartu eta Espainiako Gobernuak aspaldi hasitako bideari jarraitzen dio sutsuki; krisi ekonomikoaren aitzakiapean zist-zast: eskubideak, zerbitzu sozialak, herritarron bizi baldintza duinak, urtetan eginiko borroken lorpenak. Inolako lotsarik gabe eta zigorgabetasun osoz, errudunek errugabeak kondenatzen dituzten antzerki gaizto honetan, emakumeok gainsaria daramagu gure lan eta bizi baldintzen urraketa prozesu honetan.
Pobreziaren feminizazioa errealitate bat zela salatzen genuen Euskal Herriko Mundu Martxako plataformatik martxoak 29an Hego Euskal Herrian eginiko greba orokorrean. «Amantalak kalera» lelopean, eta beste hainbat aldarrikapenen artean, emakumeok subjektu politiko izatearen beharra mahaigaineratu genuen, krisi honi aurre egiteko irtenbideetan kontuan hartzen ez bagaituzte ere, ofentsiba kapitalista patriarkal honetatik eratortzen diren ondorioak zuzen-zuzenean ordaintzen baititugu.
Finantza sistema eta kapitalaren morroi, Zapateroren Gobernuak hasitako bideari abiadura handitu dio Raxoirenak. Urte hasieratik muturreko neurriak inposatu dizkigute dekretu bidez eta inolako eztabaida eta parte hartzerik gabe. Hor ditugu, besteak beste: lan erreforma, hezkuntza eta osasun sisteman murrizketa latzak Ongizate Estatuaren hondamendia bilatuz, egungo BEZaren igoera edota Mendekotasun Legean egin dituzten murrizketak. Azken hori aurrez eskasa zen: emakumeak etxeko lanetan iraunarazi eta ezkutuko enplegua sustatuz eskubiderik gabeko lanetarako emakumeak kontratatzea ekarri zuen (emakume etorkinak proportzio altu batean), baina agerian utzi zituen bizitzaren sostengurako guztiz beharrezkoak diren zaintza lanak. Eta orain, berriz, zist-zast!
Zehazki, azken honetan, Raxoiren Gobernuak eginiko aldaketen eraginez: batetik, autonomia erkidegoek askatasuna edukiko dute Mendekotasun Legearen baitan onartutako zaintzaileei aurretik jasotzen zuten laguntza ekonomikoa, gutxienez, %15 murrizteko (400 euroko laguntza ematen zen batez beste). Bestetik, pertsona zaintzaileak, emakumeak batik bat, ez dute Gizarte Segurantzan kotizatuko. Horrez gain, emakume zaintzaileek menpekotasuna duten pertsonekin bizi beharko dute laguntzak jaso ahal izateko. Eta azkenik, laguntza eskaerak bideratzeko gehienezko tartea sei hilabetetik bi urtera luzatzea onartu dute.
Horrelako neurri murriztaile eta gizagabeen aurrean bertako instituzioei interpelazio zuzena luzatzen diegu hauek aplika ez ditzaten. Kanpotik inposaturiko bidegabekeria neoliberalari ezetz sutsua eman behar zaio kalean, baina baita erakundeetan ere.
Bestalde, bada, krisi ofizialarekin bat, emakumeon aurka zuzenean zuzenduta dagoen eskuineko mugimendu kontserbadorearen erasoaldia dago. Diskurtso, mezu eta politika ezberdinen bitartez, beraien ustezko naturaren mandatuz, emakumeok gure «jatorrizko» omen diren gune eta eginkizunetara bueltatu behar dugu; hau da, etxera eta zaintza lanetara. Hau ere krisiaren aitzakiapean, zist-zast!
Eta hori gutxi balitz, Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak «La Razon» egunkariari eskainitako elkarrizketa batean berriki Abortuaren Legeari aldaketak egingo dizkiola baieztatu du: umekiak kalteak izatea ez dela umedunaldia eteteko irizpide bat izango, alegia.
Neurri hori aurrera joatekotan egun abortatzeko dauzkagun hiru egoeretatik bat desagertu egingo litzateke. Berriro, hanka motz zen legeari, hanka gehiago moztu nahi dizkiote eta eskubide bat denari, oztopoak eta trabak ezarri. Argi dago, beraz, gure gorputzen gaineko kontrola inposatu nahi dutela inpunitate osoz, bide batez gure erabakitzeko eskubidea deuseztatuz.
Beraz, ezinbestekoa ikusten dugu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako plataformatik, erasoaldi kapitalista patriarkalaren aurrean erantzuna ematea, aldarrikapenak jendarteratzea, erreforma eta murrizketei ezezko sendoa ematea eta lanean jarraitzea beste bizitza sistema baten alde, beste harreman eredu baten alde, zeinetan, bizitza eta pertsonak egongo diren erdigunean eta ez merkatuak. Eta eraldaketa hori aurrera eraman nahi bada, subjektu politiko feministen aitortza eta parte hartzea ezinbestekoak izango dira.