Surflari ernegatua
Logika gizatiarra
Lehen sarritan ikusten nuen hondartzan paipo batekin ibiltzen zen adineko emakume bat. Hark ez zuen lotsarik, ez zuen jendeak zer esango ote zuen beldurrik; paipoa hartu eta olatu artean gozatzen zuen, agian inguruan genuen beste inork baina gehiago.
Egun gauzak ulertzeko dugun modu lehiakor txatxuaren ondorioak begi bistan ikusten ditudanean lotsatu egiten naiz. Lotsatu egiten naiz gauzak ulertzeko dugun modu aldrebesaz, gure sena zikiratzeko dugun ohitura zekenaz eta denon artean olioztatzen dugun «progreso» kontzeptu suntsitzaileaz.
Gauza guztiak gizakiak asmatutako logika karratu horren arabera egiten ditugu, itsasoa guri baino, gu geu itsasora egokitu behar garela ulertu gabe. Logika gizatiarra.
«Musika egitekotan ondo egin», alegia, solfeoa ikasi; «kirola egitekotan ondo egin», alegia, federatu, eta antzekoak oso hedatuak dira gurean, gauzak gozatze hutsagatik egiteak lekurik ez duen artean. Gero edonork ditu sekulako diskurtso hedonista ongi ikasiak, pentsalari tristeen esaldi pozgarriak. Baina, egiaz, nik behintzat, inor gutxi ikusten dut uretan gozatzen.
Oso gutxi dira taula bat hartu eta zutik jartzen ez badira ere, itsasoan egoteak ematen duen plazeraz gozatzen dutenak. Osasunaz mintzo gara, hitzetik hortzera dabilen gaia da; polikiroldegiak bete, fruitu zukuak edan eta jaki osasungarriak jaten ditugu. Osasuna ere, guk nahi moduan ulertzen baitugu.
Zer ote, urteko edozein egunetan itsasoratu eta pare bat apar edo olatu hartzea baina gauza osasungarriagorik? Lerratzeak ematen digun zirrara, haizeak eta ur hotzak ematen duen karranpa, ur azalean flotatzeak eta hondoratzeak sentiarazten diguna... besterik gabe gozatzea baina gauza sanoagorik?
Eta behin lehorrean gaudela, salbu, oinak lurrean, gorputzak ematen duen gose edo egarri seinalea. Batzuen gozo beharra, besteen gazi gosea. Naturak badaki zer komeni zaigun esaten. Zergatik tematu gauzak modu «logikoan» egiten?