GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Ministroari bost

Gallardonek hautsak harrotu ditu, beste behin, ondo harrotu, gainera. Hedabideetan, arrisku primaz, erreskateaz, inoiz baino langabe kopuru handienaz gain, abortuaren legetik orain arte onarturiko suposamendu bat kentzea erabaki du Justizia ministroak -umekiak anomalia larriak dituenean-.

Horretarako emandako arrazoiak ez sinesteko modukoak dira, XXI. mendean. Baina, benetan, horrek ez dio axola, Gallardonek atzera egin nahi du, ez 2010. urte aurreko egoerara, 1985eko legera itzulita, baizik eta horren aurrera, lege hura baino murriztaileago bat ezarrita, emakumeen eskubideak eta askatasunak kontuan hartzeko orduan Europako herrialderik sorgorrenetara eramanda Espainiako Estatua.

Gallardonek nahi du denak jaiotzea, berari bost axola jaioko den horrek izango duen bizimodua, jaioko den hortaz arduratu behar dutenek izango dutena; berdin dio bitartekorik ziurtatuko zaien bere kabuz moldatu ezingo dena aurrera atera beharko dutenei, laguntzarik izango ote duten, unean uneko egoera ekonomikoaren mende beti; planteatu ere ez Estatuko osasungintza prest ote dagoen muturreko kasuak behar bezala artatu ahal izateko, denak era berean zainduta; Gallardonek nahi duena da abortua gaitzetsi, debekatu eta, ondorioz, kriminalizatu. Abortua, abortatzen duten emakumeak eta abortua egiten duten sendagileak. Denak.

«Ez dut ulertzen sorturiko haurra ez babestea, abortua onartuz, malformazioren bat izateagatik. Etikoki, pentsaezina iruditzen zait horrenbeste denbora egon izana legeria horrekin bizitzen». Etikoki, horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Lehenik, haur horrek sufritu besterik ez baitu egingo, arazo gaindiezinak izanda; bigarrenik, haur horren gurasoek, ziurrenik, ez dutelako halako egoerari aurre egiteko baliabiderik izango -egun, are gutxiago izango dutela pentsa daiteke, murrizketen urrezko aro honetan-; hirugarrenik, klaseen arteko bereizketa, gaindituz joan beharrean, areagotu egingo delako, azken finean aberatsak izango du atzerrian konpontzerik, beste guztioi, ordea, estutasuna, klandestinitatea, babesgabetasuna eta izua baino ez zaigu geratuko; azkenik, emakumeon eskubide eta askatasunen defentsan, atzerapauso erraldoia emango delako, alferrikakoa, jendartearen gehiengoak aspaldi baitu onartuta emakumeon erabakitzeko askatasuna, arlo honetan ere bai.

Etikoki, oka egiteko gogoa ematen du Gallardonek eta PPk erabilitako estrategia. Gertakizun ekonomikoek itota, jendartea ernegatuta, polemika berri bat sortzeak nonbaitetik arnasa hartzeko ahaleginean arreta desbideratzeko. Jakinaren gainean abortuaren kontuak beti ekarriko dizkiela jarraitzaile zintzo batzuk, ultrakatolikoak, bidezkoa izan ala ez tradizionalaren maitaleak. Horretarako, zaldi irabazlea dute abortua.

Hala ere, gutxiengoa izan badaitezke ere, badirudi borroka hori irabazi egingo dutela, ministro sadiko bati esker; izan ere, beste guztiarekin egiten ari diren bezala, euren gehiengo osoa baliatuz, gogoa ematen diena ezarriko dutelako. Jendartearen norabidea are gehiago lausotzea ezer inporta barik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo