sega Bizkaiko finala
Intxaurbek aurreikuspenak bete ditu, txapela jantziz
Faboritoak alde nabarmena kendu dio bigarren postuan sailkatutako Maguregi beteranoari.
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan eta Jon Intxaurbek irabazi zuen herenegun Bizkaiko segalarien txapelketa. Lau kirolari aritu ziren Otxandion jokatu zen finalean. Belarra baldintza onetan zegoen, eta, azken orduetan egin zuen euriari esker, pisua ere dezente zeukan belarrak. Bakoitzak ordubete izan zuen lanerako, eta helburua tarte horretan kilorik gehien ebakitzea zen.
Bi gazte eta bi beterano ziren lanean aritzekoak, eta haiek aritu ziren. Intxaurbe eta Atxa agertzen ziren txapela lortzeko faborito bezala, baina denek garbi zuten Maguregi beteranoa ere kontuan hartu beharko zela, eta azkenean honek bigarren postuan amaitu zuen. Intxaurbek sailetan aurretik amaitu zuen. Gainera, antolatzaileek jarritako sail guztiak proba amaitzeko sei minutu falta zirela bukatu zituen txapeldunak, eta, arautegia jarraituz, gainerako guztiek ere hortxe utzi behar izan zuten beraien lana.
Apusturik ez
Oraingoz, behintzat, ez da sega apusturik izango. Lizasok desafioa bota zion Ormaetxeari, baina bien artean ez da adostasunik lortu, eta, beraz, ez dute apusturik jokatuko. Asteasukoak hiru aukera eman zizkion Orendaingoari. Bata ordubetera jokatzeko, baina ordu erdi batean sega norberak zorroztuz; bestea ere ordubetera, baina 100 kiloko abantaila eskatzen zuen; eta beste bat ordu eta erdira, baina 200 kiloko abantaila eskatzen zuen Lizasok.
Hiru aukeretako bat bera ere ez zen Ormaetxearen gustukoa, eta azkenik beste aukera bat ere eman zuen Lizasok, ordu eta erdira jokatzeko, baina ordu erdi batean sega norberak zorroztuz. Hor ere ez ziren ados jarri, eta apusturik hitzartu gabe altxatu ziren mahaitik Asteasuko eta Orendaingo segalariak.
Sailetan beti aurretik ibili zen txapela lortu zuen segalaria, eta antolatzaileek jarri zituzten sail guztiak saioa amaitzeko sei minutu falta zirela amaitu zituen.
Lizasok apustua jokatzeko deia luzatu zion Ormaetxeari, baina Asteasukoak eta Orendaingoak ez zuten adostasunik lortu, eta desafioa lotu gabe geratu ziren.