GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Feminismoa da ezagutzen dudan bidaiaririk handiena, eta onena»

p051_f02_148x96.jpg

Kattalin Miner

Idazlea

Kazetaritzan lizentziatua eta «Literatura konparatua: literatur eta kultur ikasketak» masterra egina da Kattalin Miner. Aktibista feminista 16 urte zituenetik, Medeak kolektibo feministako kidea da. «Genero eta sexualitateen dantza: literaturatik kalera eta kaletik literaturara» lana argitaratu du.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Uda urtean zehar denborarik hartu ez duen lan horiek burutzeko hartu nahi izan du Kattalin Minerrek; dela zuzenketaren bat, itzulpenen bat, edo, tarterik eta zorterik badago, sorkuntza pixka bat ere bai. Horregatik, ez du kanpora joateko asmorik, zeren batzuetan, gauza ugari egiteko gogoa duenean, oporretan kanpora joateak gehiago estresatzen du. Baina ihesaldi txikiak eginen ditu.

Zein da egin duzun bidaiarik politena?

Konpainiak zerikusi handia duela esango nuke, ia lekuak baino gehiago agian, eta oroitzapen oso onak ditut Extremadura edo New Yorkekoak, baina azkenaldian asko gogoratzen naiz orain hiru bat urte Marokora egin nuen bidaiaz. Herritxo txiki batean lagun batzuek zuten etxera joan ginen familian. Lasaitasunez gogoratzen ditut egun haiek; patioko laranjondoa ere gogoan dut.

Eta gustura eginen zenukeen bidaia, zein da?

Uste dut Hego Amerika dudala pendienteen. Herrialde asko ditut markatuta «noizbait joan behar naiz» horrekin: Mexiko (lotura berezi bat sentitu izan dut beti herrialde horrekin), Dominikar Errepublika (bachata dantzatzeagatik bakarrik bada ere) eta El Salvador (bertako mugimendu feministaz ezagutu dudanak beti transmititu izan dit indar eta borroka-grina handia).

Bisitatu duzun zein lekutara ez zinateke itzuliko? Nora ez zinateke joanen?

Asko pentsatu behar izan dut itzuliko ez nintzatekeen lekurik oroitzeko, eta ez zait batere okurritzen... Eta nora ez nintzatekeen joango?? Vatikanoa, Texas, Israel... ez, ez, seguru han ere zer edo zer interesgarria topatuko genuela... beno, Vatikanoan ez.

Nola bizi duzu eta nola ikusten duzu feminismoa egiten ari den bidaia edo bidea?

Feminismoa da ezagutzen dudan bidaiaririk handiena, eta onena. Mundu osotik etorri eta mundu osoan zehar ibiltzeko gaitasuna izateaz gain, han topatutakoa ezin hobeto kontatzen daki. Eta hoberena, dena bidaiatu duela uste duenean, beti topatzen duela txoko berri bat, istorio, historia, herri edo kultura berri bat, eta dena gehitzen ahal diola bere buruari.

 
KLIK BATEAN
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo