Udate | baionako bestak
Ostatuaren beste alderditik bezeroen delirioak adituz
Jean-Jo FERRAND Baionako bestetan aditua, aritua eta «kutzuzalea» berriketan
Patxoki taberna alternatibo historikoa behatokia izan dut, lan itzuliaren karietara. Batzuentzat tabernazulo bat da Patxoki, enetzat talaia da bestak nola pasatzen diren begiratzeko. Sintoma bat: edaria eskatzeko era berezia da Baionako bestetan, eta Patxokin partikularki. Bilbon, adibidez, kuadrillak borobilean jartzen dira txosnen inguruan, eta haietako bat joaten da ostatura eskaera zehatz batekin. Ostalariaren eta kutxazain izendapena lortu duen lagun horren artean eztabaida funtzionala da: zoin edari, kopurua... Batzuetan modazko edarien izen bitxiak ulergaitzak -orgasmo, güito, pika txiki- izan daitezke Iparraldeko zerbitzari amateur batentzat, baina orokorrean harremana argia, eraginkorra eta motza da. Inork ez du erakusten zerbitzaria hobe ezagutzeko (salbuespenak salbuespen) nahikeria.
Baionako bestetan, aldiz, eta Patxokin bereziki, bezero anitzek langileekin hitz egiteko nahia adierazten dute: «Badakizu Iban hemendik pasatu denez?»; «ezagutzen zaitut baina ez dakit nondik»; «ni urtero itzultzen naiz hona eta ez naiz hemendik mugitzen `Jo ta Ke' entzun arte»; «baina zuek, euskaldunok, zer nahi duzue zehazki?»; «non erosi duzu kamiseta hau?»; «hartu zerbait ene kontura».
Psikoanalisi merkea
Askotan ez dakite zer edan nahi duten, eta zerbitzariaren iritzia galdetzen dute... elkarrizketa nahiko pobrea da, alkoholik ez baita saltzen elkarteetan (arno eta garagardoa baizik ez digute saltzen uzten). Hau dena musika ozen batekin (euskal rockaren abesti klasikoak: ez pentsa Baionako bestetan aurkikuntza musikalak eginen dituzunik), zerbitzariaren belarrian oihukatuz.
Ukaezina da: gure Baionako bestek funtzio psikosozial garrantzitsua betetzen dute. Frantzian azken urteotan lotura sozialaren galeraz kezkatzen dira agintariak. Jendea banatuta bizi omen da, kontakturik ez du hurbil daudenekin, zaila da hitz egitea ezagutzen ez duzun pertsonekin... Paisaia katastrofiko horretan, Baionan elkarteek lotura soziala zaintzen dute, ez bakarrik haien urte osoko jardunaldien bidez, baita bestetan jendeei mintzalekua eskainiz ere, eta nabaritzen da.
Baionako ospitaleko larrialdi psikiatrikoko zerbitzuan bisitari gutxi izaten omen dira bestetan. Arazoak dituen jendeak baduelako norekin hitz egin? Jakin behar da ere taberna komertzial gehienetan ez dela dialogo asko: produktibitatea zaindu behar da.
Gora Baionako elkarteak beraz: mundua ez badute aldatzen, jasangarria izan dadin laguntzen dute behinik behin...