«Eusko» moneta alternatiboa sortzeko prozesua irailetik aurrera bizkortuko da
Euskal moneta alternatiboa 2013ko urtarrilean jarriko da martxan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, gero Euskal Herri osora zabaltzeko xedearekin. Irailean hasiko den faserako boluntarioak bilatzen ari dira uneotan.
Idoia ERASO | BAIONA
Herri Urratsen bukatu zen kanpainatik atera zen euskal moneta alternatiboaren izena: «eusko». Irailean abian jarriko den hurrengo faseari esker, 2013ko urtarrilaren 1erako moneta abian izatea aurreikusten da. Ipar Euskal Herri guztian zehar lanean hasiko dira, eta horretarako laguntzaile sare handi bat eratzeko beharra dago. Horren karietara kanpaina abiatu du euskal moneta ekologiko eta solidarioa sortzearen aldeko elkartearen gidaritza batzordeak.
Irailean abiatuko den fase berri honetan enpresak bisitatu beharko dira, gero erabiltzaileen artean sentsibilizazio kanpaina abian jarri, diru laguntzak eskatu, finantzaketa iturri ezberdinak atzeman, moneta txartelak inprimatu eta informatika eta segurtasuna kudeatu. Hala, ardura ezberdinen araberako lantaldeak osatuko dira.
Lan arlo oso anitzak izanik, parte hartze kanpaina zabala abiatu du elkarteak: «Borondate oneko ahal bezainbeste pertsona behar ditugu 2012ko irailetik 20o3ko otsailera bitarte iraungo duen baitezpadako fase honetan. Gaitasun guztiak ongietorriak izanen dira, sinpleenetatik puntakoenetara, eta guztientzat izanen da egitekoa». Taldeen osaketa irailaren 15era bitarte eginen da. Lantalde guztien koordinaketa biltzarra, aldiz, irailaren 27an eginen da, Baionan.
Horrelako desmartxa bat garatzeko Euskal Herria toki egokia dela baieztatu du elkarteko lehendakarikidea den Dante Edme-Sanjurjok: «Garapenerako ahalmen handia dago hemen; alde batetik, ekonomiaren birkokatze beharrarekin bat egiteko duelako ekimenak, eta, bestetik, Euskal Herriak izaera oso azkarra duelako, elkarte eta militante sare indartsuekin. Gainera, sare ekonomikoan aniztasun handia dago».
Araudia, 40 puntutan
Eusko moneta alternatiboaren erabilera azaltzeko 40 puntuko araudia zabaldu du sarean elkarteak, Euskalmoneta.org webgunean. Oinarrian, honakoa da funtzionamendua: euro baten truke eusko bat eskuratuko da, gero sarearen parte diren enpresa, elkarte, zerbitzu publiko, artisau, denda eta abarretan erabiltzeko.
Eusko moneta erabili ahal izateko Euskal Moneta elkarteko kide izan beharko da, erabiltzaile edo zerbitzu hornitzaile gisa. Azken horiek euskoak euroen truke aldatzen dituztenean %5eko komisioa ordaindu beharko dute. Aldi berean, ekonomiaren birkokapena bezalako ideiekin bat egin behar dute.
Egitasmo ekologiko eta solidarioak laguntzeko baliatuko da ekimena garantia funtsen bitartez. Azken horien ardura Herrikoa sozietateak kudeatuko du.
Monetaren bitartez ekonomiaren birkokatzea bultzatzea dute xede, baita egitasmo ekologiko eta solidarioak laguntzea ere. Aldi berean, euskararen erabilera sustatu nahi dute monetarekin.