GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Baionako Masterra

Agusti Waltari kubatarra ez da menderaezina

Ducassou gaztea lagun partida oso ona egin baldin badu ere, karibetarrak ezin izan du txapelik jantzi.

p037_f01_199x116.jpg

SORHUET-ETXETO 40

WALTARI-DUCASSOU 38

Jon LEUNDA

Atzo Baionako Moderne trinketa bete zuten 1.500 ikusleek sekulako gozatua hartu zuten Baionako Masterreko finala ikusiz. Izan ere, lau pilotariek sekulako norgehiagoka jokatu zuten. Amaieran, gainera, ezustea izan zen, inork gutxik uste baitzuen Waltarik galduko zuenik.

Faborito izateak ez du garaipenik segurtatzen, eta horixe gertatu zen atzo Modernen, Sorhuetek eta Etxetok jantzi baitzuten txapela, ordu eta erdi pilotan aritu ostean.

Partida bera bikaina izan zen, gutxitan ikusten den horietakoa, eta trinketean partida ona ateratzen denean, ikusgarria izaten da, sekulako abiadan jokatzen delako, eta trinket batek frontoi batek baino tantoa egiteko askoz ere aukera gehiago ematen dituelako.

Partidaren zatirik handienean oreka izan zen nagusi, inork ez baitzuen ihes egiterik lortzen. Oraintxe bat aurretik, hurrena bestea, azkenean berdinduta amaitzen zuten; hala, Waltariren eta Ducassouren alde dirua jokatu zutenak kezkatzen hasi ziren, ez baitzuten batere garbi ikusten Kubakoaren garaipena, faboritoarena, alegia.

Amerikarrak Ducassou gaztea zuen atzean lagun, eta bere inguruan bazegoen kezkarik, ez baitago honelako partidak jokatzera ohituta, baina berak ere oso maila ona eman zuen, eta ez zuen izan inongo aitzakiarik.

Sorhuet, erabakigarria

Modernen jokatu diren partidetan, Waltari tartean baldin bazen, bera izaten zen beti neurketa erabakitzen zuena, baina atzo Sebastien Sorhuet izan zen, eta Pausukoa ematen ari den itxura oso ona izateaz gain, berri oso ona dela ere aitortu beharra dago. Bi urte zigortuta egon da, eta itzuli eta berehala lortu du bere mailarik onena.

Partida 27-27 berdindu zenean, gero txapela jantzi zuen bikoak 6-0ko partziala lortu zuen, markagailuan 33-27koa jarriz. Gauzak zeuden bezala, eta ikusita zenbat falta zen partida amaitzeko, bazirudien finala ia erabakita zegoela, baina ez zen horrela izan, Waltarik eta Ducassouk lan asko eman baitzuten partida amaitu arte.

Hurrengo kintzeetan gauzak ez ziren asko aldatu, eta txapeldunak 35-29 ere aurreratu ziren, baina berriro ere galtzaileen erreakzioa etorri zen, eta amerikarrak eta lapurtarrak 2-9ko partziala lortu zuten, norgehiagoka 38-38 berdintzeko.

Beraz, guztia erabakitzeke zegoen, edonork irabaz zezakeen finala, baina Sorhueten abileziak erabaki zuen Baionako Masterra, berak egindako bi tantok txapela eman baitzien.

Lau pilotariek eman zuten maila bikaina, baina Sebastien Sorhuet izan zen lauretan onena. Berak erabaki zuen amaieran. Berak ia dena ongi egin zuen, saketik ere min handia egin zuen, izan ere, Modernen ohikoa izaten ez baldin bada ere, Agusti Waltarik baino tanto gehiago egin zituen saketik.

Atzean Etxetok ere lan bikaina egin zuen, urteetan badoa aurrera, eta agian orain dela urte batzuetako freskotasunik ez du izango, baina eskarmentua ikaragarria dauka, eta oso pilota gutxi huts egiten ditu. Beste aldean, Waltarik ez zuen partida txarra egin, baina atzo aurkariek ez zioten utzi nahi zuena egiten. Ducassou gazteak ere bere lana oso ongi bete zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo