Udate
Pastoralak Amerika aurkitu du mendiaguerekin
Zuberoak tradizioarekin duen urteroko hitzordua beste behin bete zuen atzo Arrokiagan. «Jose Mendigue» pastoralak Alduden jaiotako bertsolariak Amerikan bizitakoa baliatu du bertako historia ere ezagutarazteko.
Testua: Idoia ERASO Argazkiak: Gaizka IROZ
Matxinsaltoak hanketan eta mendi berdez inguraturik Arrokiagako biztanleek hiru oren eta erdi labur egin zituzten. «Jose Mendiague» pastoralak izen bereko bertsolari eta poetaren bizia abiapuntu hartuta Argentina eta Uruguaiko historian zehar ibilaldia eskaini zuen, beti euskaldunen ikuspegitik. Mendiaguen euskaltzaletasuna ere agerian gelditu zen bere biziaren kontakizunean, baina bereziki diasporatik idatzi zituen kantu eta poemetan.
«Algarrekilan, abiatzen gira, xede baten bürützera/ Txipi handiak, gazte xaharrak, herriaren aidatzera/ Düden aizea, lotsen kargüa, kültüraz gaur tapatzera/ Historiaren mürrü lüzean, harri baten pausatzera» hitzekin bukatu zen «Jose Mendiague» pastorala. Kantuz errandako hitzok aurkezpen gisa ere balia daitezke, izan ere, Jean Bordaxarrek idatzitako lanaren laburbiltzea dira. Historian harri bat uztera gonbidatzen gaituen lan honek aurrekoenak deskubritzera eta egungoak berrikustera ere eramaten gaitu.
Mendiagueren kantuak dira pastoralak deskubriarazi dituen harribitxietako bat. Euskaldunon artean ezaguna den «Kantuz» abestia batek baino gehiagok Mendiagueren lumatik zetorrela deskubritu zuen pastoral honekin. «Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi» dio bere kantuak eta horrela egin omen zuen Alduden jaiotako amerikarrak. Idatzitako lanen jarraipena eginez Mendiagueren bizitzaren nondik norakoak zerrendatu ditu Bordaxarrek.
Horrela Uruguaiko hiriburura heltzearekin batera «Montevideoko manera» kantua du eskaintzen. Ondoren, Juan Idiarte Borda euskaldunak Uruguain boterea hartu zuenean «Euskaldun baten kontseilua Montevideoko presidentari» idatzi zion.
«Juan Bautista Otxalderi» poemarekin bertsolari ezagunaren heriotza, eta ondoren izan ziren gatazkak agertarazten ditu. Baina pastoraleko protagonistaren euskaltzaletasuna ez zela pertsona nabarmen batzuengana bakarrik zuzentzen ere jakinarazten du «Euskaldun bertsulariak» kantuak.
Bertsolariaren kantu ezagunenak, berak nahi bezala, heriotzako unean agurtzen du sortzailea. Horrela Mendiaguek bere heriotza antzeztearekin batera agertokiaren gibeletik ahots batzuek ondokoa abestu zuten: «Kantuz ehortz nazaten, hiltzen naizenian,/ Kantuz ene lagunek harturik irian, Kantuz ariko dira ni lurrean sartzian».
Hego Amerikan, bereziki Argentina eta Uruguain, euskaldunek izan zuten tokia ere azaltzen da antzerkian. Mendiagueren garaian bi estatuek presidente euskalduna izan zutela ere agertzen da; Juan Idiarte Borda Uruguain eta Hipolito Yrigoyen Argentinan. Biak agertokian azaltzen direnean, euskaldun gisa, gizon zuzen eta zintzo bezala, agertzen dira Idiarte Bordaren pertsonaiak errandako bertsoak erakusten duen gisara: «Eüskaldün seme nizala/ erakutsiko düt dener/ Altxatzeko gizarte bat/ gustatüren dena ororer».
Aldiz, Hego Amerikan euskaldunek izandako jokabidea ez da obran zehar aipatua den bezain ohoragarria izan beti, eta, idazleak horren kontzientzia izanki, Satanen eskutan uzten du ohar horren helaraztea: «Behar diagü ordüan/ ikusi Ameriketan/ Zer jükütria izan zen/ Eüskaldünen alorretan».
Euskaldunek utzitakoarekin batera, haindik hartutakoa ere nabarmendu beharra dago, bereziki pastoral honetan, non Atlantikoaren bestaldetik heldutako dantza eta kantuek ikusleak gozarazi zituen. Gitarra eskuan eta hainbat abeslarik lagunduta, «Candombe para José» Uruguaiko kantua eskaini zuten arrokiagarrek. Arratsaldeko txalo zaparrada handienetarikoa Argentinako «Virgen morenita» kantuarekin izan zen. Dantzetan ere bereziki ederra izan zen bukaerako dantzaldia, non Argentina, Uruguai eta Euskal Herriko banderekin hiru herrietako dantzen nahasketa eskaini zuten.
Migrazioaren zailtasunak ere nabarmen gelditu ziren pastoralean zehar. Gure arbasoek jasandakoa gaur egun beste batzuek gure lurretan bizi dutela ere agertu zen. Bordaxarrek idatzi «Joan girenak» kantuak argiki erakusten du: «Joan girenak, deitürik omen arrotzak, gosejaleak/ Fede gabeak, gosejaleak, leküko lan harzaleak/ Geroztik gira, lan harzaleak, orotan ezagütüak». Egungo ukitua ere eman zion idazleak: «Gü kanpokoa, Parisekoa, zeren ez Afrikakoa?/ Lagün goxoa, Afrikakoa, badügü egitekoa!».
Atzoko emanaldia ikusteko parada izan ez zutenek abuztuaren 5ean Arrokiagan edo irailaren 8an Hazparnen badute aukera.